Frantziatik ijitoak kanporatzeko neurriak salaketa ugari eragin du

Paperik ez duten 79 lagun deportatuko dituzte gaur; orotara 700 ijito kanporatuko dituzte Bulgariara eta Errumaniara Frantziak «arauak errespetatzen» dituela erantzun dio Europako Batasunari

Berria, Allande Sokarros. , 19-08-2010

Frantziako Gobernuak uztail amaieran iragarri zuen paperik gabe dauden ijitoen aurkako neurriak gogortuko zituela, eta, neurri horiek gauzatzear direnean, salaketak areagotu dira Europan. Brice Hortefeux Frantziako Barne ministroak iragarri du 700 ijito

kanporatuko dituztela eta dagoeneko 51 kanpaleku desegin dituztela. Errumaniara bueltatzea onartu ei duten aurreneko 79 lagunak gaur bidaliko dituzte jaioterrira.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen eta haren gobernuaren politika honek, anartean, hautsak harrotu ditu Europako Batasunean. Hala, Bruselako Batzordeko Justizia eta Herritarren Oinarrizko Eskubide komisario Viviane Redingen bozeramaileak ohartarazpen bat egin dio Frantziari. Matthew Newman eledunaren esanetan, «Europako Batasuneko herritarren mugimendu eta kokatze eskubideei buruzko arauak errespetatu behar ditu Frantziak». Parisek azken egunotan iragarritako neurriei dagokionez, zehaztu du «egoera hurbiletik» jarraitzen ari direla, «arau guztiak betetzen diren egiaztatzeko». Amelia Torres Bruselako Batzordeko beste eledun batek zehaztu du, aldiz, estatu kide guztietan diren ijitoen gizarteratzearen premia irmo zaindu eta zaintzen jarraitzen duela Batzordeak.

Adierazpen horiek, baina, ez dira begi onez ikusi Frantzian. Neurriek Europako Batasuneko giza arauak betetzen dituztela erantzun dio Bruselari Atzerri Ministerioak. «Ijitoen legez kanpoko kanpalekuak desegiteko hartu ditugun neurriak EBko arauekin osoki bat datoz, eta ez dituzte inola ere itunetan hitzartu diren Europako herritarren mugimendu eskubideak urratzen», adierazi du Bernard Valero eledunak.

Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu du hartu diren neurriak «eskubide hauetatik saihesteari aurre egitea» dutela helburu, «EBko 2004/38/CE xedapenean argi zehaztuta baitago mugimendu eskubidean mugak egon daitezkeela ordena publiko, segurtasun publiko edo osasun publiko arloetan arazoak egonez gero». Europako Batzordeari zirika egite moduan, Frantziako Atzerri Ministerioko eledunak gaineratu du: «Frantziak espero du Europako Batzordeak beharrezkoa den laguntza oro emango dituela ijitoek pairatzen dituzten bazterketen aurkako egitasmoak sustatzeko, eta euren jatorrietan gizarteratu ahal izateko».

Borondatezko kanporaketak

Anartean, Frantzia zorrotz betetzen hasi da Sarkozyren gobernuak berriki ebatzitako politika. Hala, Bukarestera (Errumania) hegazkinez bideratuko dituzte gaur bertan Frantzian paperik gabe zeuden 79 ijito. Immigrazio eta Barne Ministerioek zabaldutako datuen arabera, lagun horiek «borondatez» bueltatuko dira jaioterrira. Hori dela eta, helduek 300 euroko eta adingabeek 100 euroko dirusariak eskuratuko dituzte, ARV Borondatezko Bueltatze Laguntza xedapenaren harira. Paperik gabe dauden ijitoak jaioterrira deportatzea ez dela ohiz kanpokoa nabarmendu du Immigrazio ministro Eric Bessonek. Horren arabera, urte hasieratik gisa horretako 25 hegaldi egin dira Errumania zein Bulgariara. Iaz, berriz, ijitoak jaioterrira itzultzeko hegaldiak 44 izan zirela zehaztu du Bessonek. Frantziako agintarien arabera, beraz, urtero 9.000 eta 10.000 ijito artean itzultzen dira jaioterrira diru laguntzak jasota. Frantzian, orotara, 10.000 eta 15.000 ijito daude, horietatik 5.000 haurrak direla.

Atzo emandako zehaztasun hauekin Immigrazio ministroak nolabait moteldu nahi izan ditu Brice Hortefeux Barne ministroak bezperan eginiko adierazpen ahoberoak. Hortefeuxek ziurtatu du azken asteotan ijitoen 51 kanpaleku desegin direla: «Abuztua amaitu aurretik, Frantzian legez kanpo bizi diren 700 ijito kanporatuko dituzte hegazkin komertzialen bidez». Gaurkoaz gain, ijitoak kanporatzeko beste bi hegaldiak hilaren 26an eta iraila amaieran izango direla zehaztu du Barne ministroak.

Hortefeuxek aldarrikatutako zifra horiekin, baina, zalantzak agertu dituzten ijitoen sostengurako elkarteek. «Ez dakigu zehazki Barne Ministerioak zer sartzen duen zifra horietan, baina hiru astean legez kanpoko 51 kanpaleku desegin izana asko iruditzen zaigu», adierazi du Rom Europe elkarteko arduradun Michele Mezardek: «Dena den, ijitoen inguruko giroa gogortze hau kalkulu politiko deitoragarri bat besterik ez da; oro har, ijitoak kanporatze hauekin, larriena da Frantziatik haizatzen dituztela Europako Batasuneko herritarrak diren lagunak». Herrialdean 600 kokagune daudela uste da.

Sarkozyren eta haren gobernuaren politika honek salaketak eragin ditu oposizioan diren ezkerreko indarren eta ekologisten artean ere. Eskuineko alderdiek ere gaitzespenak egin dituzte. Hala, joan den larunbatean Paris ondoko Montreuil hiriko egoitza okupatu batetik ijito andana bortizki kanporatu izana salatu du Jean-Pierre Grand UMPko diputatuak: «Errepublikano guztiek jokamolde hauek gaitzetsi baino ezin ditzakete egin, azken Mundu Gerran gertatu ziren sarekadak gogorarazten baitituzte».

Grand bezala, Sarkozyren arerio zorrotza bilakatu da Dominique de Villepin Lehen ministro ohia, eta haren jarraitzaile François Goulard diputatuak ere gogor egin du neurrien kontra. «Bidezkoak ez diren alderatzeak [Bigarren Mundu Gerra garaiko sarekadak] egin gabe, ez dugu zertan harrotzerik gure herrialdea horrela jokatu izanaz ; segurtasun arazoak ez dira legez kanpoko kanpaleku batzuen inguruan soilik oinarritzen».

Frantzian ezartzen diren ijito gehienak Errumania eta Bulgariatik joaten direlarik, herrialde horietako agintariak ere kexatu dira Parisekin. Bulgariako Atzerri ministro Teoddor Baconschik «populismora makurtzeko arriskua» ikusi du neurrian. Giza eskubideen aldeko erakundeen ustez, berriz, ijitoak kanporatzea ez da irtenbidea, berriz itzultzen direlako eta familien lekualdatzea eragiten duelako.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)