Ijitoen kontrako asmorik ez dute, Frantziako Barne ministroaren arabera
Iragan bi asteetan 40 kanpaleku erretirarazi ditu Parisek; NBEk «xenofobia» atzeman du azken neurrietan
Berria, , 14-08-2010Erredakzioa.
Baiona
Nomaden 40 kanpaleku inguru erretirarazi ditu iragan bi asteotan Frantziako Gobernuak. Frantziako Barne ministro Brice Hortefeuxen arabera, «legea errespetatzea» beste xederik ez dute jokamolde horrekin, baina kritikak ere heldu zaizkio. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak, Frantziak azkenaldian immigrazio gaietan erakutsi duen posturaren harira, kezka erakutsi du; «arrazismoa eta xenofobia» gordindu dituela ohartarazi du. Frantziako Barne ministro Brice Hortefeuxek garrantzia kendu nahi izan die kritika horiei, nolanahi ere. «Ez dago komunitate bakar bat ere estigmatizatzeko asmorik», adierazi du. Ijitoei erreferentzia egin die hitz horiekin, kanpaleku gehienak ijitoz osatuta egoten baitira.
Nazio Batuen Erakundeko zenbait ordezkarik, Frantziak hartu nahi dituen neurrien harira, ohartarazi dute, nazien garaiko neurriekin pareka daitezkeela. Zirkulazio agiriak ezarri nahi zaizkie nomadei, haien ibiliak kontrolatze aldera. Frantziak «identitate nazionalaz» abiatu duen eztabaidak ere ezinegona eragin du. Atzerri Ministerioaren arabera, ordea, «segurtasunerako» eskubidea bermatzeko urratsa da.
NBEren kritiken harira, hainbat gizarte erakundek eta talde politikok ere gogor hitz egin dute gobernuaren kontra. Alderdi Sozialistak, esaterako, Frantzia «irudi arbuiagarria» ematen ari dela iritzi dio, eta «Estatu arrazakeriaz» hitz egin du.
(Puede haber caducado)