Laurence Hardouin. Abokatua eta CIMADEko kidea Abokatua da Laurence Hardouin, eta aldi berean, militante, kanpotarrei laguntza dakarren CIMADE elkartean. Izan lanean ala eguneroko borrokan, etorkin asko gurutzatzen ditu.
«Beldurgarriena ez da Sarkozyk dioena, baizik eta dakartzan ondorioak»
Berria, , 15-08-2010Frantziako presidentearen proposamenak entzunda, Laurence Hardouin abokatu eta CIMADE elkarteko kidea «beldurturik» da. Nahiz iruditzen zaion legediaren arabera ezingo direla gorpuztu, gizartean ekartzen duen xenofobiaren zilegitzeak du gehienbat kezkatzen.
Sarkozyk herritartasunaren galera jatorriz kanpotarrak diren «gaizkileei» hedatu nahi du. Zer diozu?
Hori proposatuz Sarkozyk dio bi frantziar mota direla. Batetik, sortzetik frantziarrak direnak, eta bestetik bilakatzen direnak. Arras Konstituzioaren aurka doa, honen hitzaurrean errana delako legediaren aitzinean herritar guztiak pareko direla.
Barne ministroak galera hedatu nahi du delitu larriak egin dituztenei. Ez dakigu zer sartzen duen «delitu larriak » kategoriaren barnean.
Izugarri orokorra da. Aipatzen ditu ablazioa ala poligamia, baina zigor kodeak jada zigortzen ditu! Hor ere beti estigmatizatzeko helburuarekin ari dira, pentsa dezagun bistan dena beltz ala arabiarrak direla delitugile. Baina, aski da Baionako auzitegian diren aferei begiratzea, ikusteko audientzia zuzentzailean jatorrizko frantziarrak direla nagusi.
Proposamenak gorpuzten ahal dira?
Proposamen horiek guztiak izugarri harrigarriak eta onartezinak dira, baina praktikan ez dira pasarazten ahal, Konstituzioaren aurka doazelako.
Zergatik horrelako proposamenak egiten ditu beraz?
Betikoa, eskuin muturreko hautesleen biltzeko. Gainera, erran behar da garai onean aipatzen dela: Bettencourt afera urrundu behar dute iritzi publikotik.
Uste duzu ideia xenofoboak legitimatzen dituela?
Bai, argi eta garbi. Bortizkeria psikologiko bat eraikitzen du. Iritzi diskriminatzaileak askatzen ditu, duela zenbait urte erranen ez genuena, orain erranen da. Presidenteak horrelako diskurtsoa dauka, beraz zergatik ez daiteke erran? Paretaren aurka goaz zuzen zuzenean, jendeak elkarren aurka ematen ditu.
Zure lanean hori sentitzen duzu?
Bereziki immigranteekin ari naiz lanean eta egia da erraten didatela azken urte hauetan ez direla lehen bezain ongi errezibituak. Asko eskatzen zaie, haien presentzia justifikatu behar dute, hots, jatorrizkoei baino gehiago eskatzen zaie.
Bestalde, herritartasunaren lorpena gogortu nahi du. Berritasun bat da ala jada sendi da.
Azken urte hauetan baldintzak gogortu dituzte. Adibidez, ezkontzaren bidez lortzeko, ez da gehiago aski elkarrekin bizitzea, hizkuntza perfektuki hitz egin behar da, lan kontratu mugagabe bat ukan behar da… Poliki poliki egiten da. 1930eko hamarkadan izandako faxismoaren igoera ezagutu dutenek diote garai lanjerosean garela.
Orduko egoera etor daiteke berriz?
Argi da jendeen arteko bereizketa garatzen duela baina materialki ezingo du lortu. Ideia horiek sarraraziz, FN eskuin muturra desmitifikatzen du eta baliteke ondoko hauteskundeetan askok Le pen bozkatzea. Beldurgarriena ez da erraiten duena, baizik eta dakartzan ondorioak.
(Puede haber caducado)