Herritartasunaren jabetza baldintzatu nahi du Sarkozyk

Jatorriz kanpotarrak diren «gaizkileei» herritartasuna kentzeko gogoa plazaratu berri du Frantziako Gobernuak Nazio Batuen Erakundeak dio Sarkozyren erranek «herra akuilatzen» dutela

Berria, Jenofa Berhokoirigoin. Baiona , 15-08-2010

«Trafikanteei eta gizatxarrei gerra» deklaratu die Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. «Etorkin gaizkileak» ditu etsaitzat, eta frantziar herritartasuna «merezitzen» dela eta, hura eskuratzeko, «duintasuna» erakutsi behar dela gehituz, herritartasuna lortzea zaildu nahi die; galtzea, berriz, erraztu. Horren berri eman zuen uztailaren 30ean Grenoblen, Poliziak Villeneuve auzoko gazte bat hiltzeagatik izandako kale borroken ondotik.

Sarkozyren diskurtsoetan, ez da berritasuna segurtasunik eza eta etorkinak lotzea. Baina gero eta argiagoa eta gogorragoa izanki, Giza Eskubideen Ligak lotura hori «asumituriko xenofobiatzat» jo du. Alarma gorria piztu du Nazio Batuen Erakundeko Diskriminazioaren Ezabaketaren Aldeko Batzordeak ere, eta gogorarazi Sarkozyren erranek «herra akuilatzen» dutela. Orokorki, Frantziak «arrazakeriaren eta xenofobiaren emendioa» izan duen garai honetan, leporatua zaio horren aurkako nahikeria «eskasa» erakustea.

PS alderdi sozialistak dio «Errepublikaren printzipioak errespetatzen ez dituen Le Pen light-a» egiten duela; eskuin muturreko FNk, berriz, haien proposamenak «playback-ean kantatzea» leporatzen dio. Hots, ezkerretik eskuinera denak ados dira errateko eskuin muturraren hitzak dituela.

Batzuen iritziz, 2012ko hauteskundeei begira, FNren hautesleak bildu nahi ditu. Beste batzuen ustez, berriz, harrabots asko egiten duen Bettencourt-Woerth aferaren isilarazteko ari da, edo onarpen gutxi duen erretreten sistemaren erreformari buruzko eztabaidari toki gutxi uzteko. Dena den, proposamenak hor dira, eta irailean Legebiltzarrean aurkeztuko den Immigrazioari buruzko lege proposamenean bi emendakin gehituko ditu Immigrazioaren ministro Eric Bessonek.

Konstituzionaltasunaz duda

Epailetzan, politikan, sektore sozialean edo giza eskubideen arloan jarduten duten hainbat emakumek eta gizonek «antikonstituzionaltzat» jo dituzte neurri horiek. Izan ere, Frantziako Konstituzioak argi uzten du «herritar guztiak pareko direla legediaren aitzinean».

Bessonen irudiko, haatik, «aski da 1998 aitzineko legedira berriro itzultzea». Hau da, herritartasunaren lorpenaren ondoko hamar urteetan, bost urte baino gehiagoko kartzela zigorra zekarren krimenagatik herritartasunaren galtzea ekartzen ahal zuen ordura arte legeak.

Politologo eta historialari den Patrick Weilek zehaztu du Batzorde Konstituzionalak ez duela inoiz zuzenki ikertu, eta dena den «Batzordeak bere jurisprudentzia arraikusten ahal duela».

1998an, Elisabeth Guigouk (PS), Justizia ministroak, aukera hori kendu zuen, Frantziak izenpetu 1997ko Europako Kontseiluaren Herritartasunari Buruzko Hitzarmenarekin bat etorrarazteko. Zehazki, Frantziak izenpetu baina berriz onetsi ez duen hitzarmen horren arabera, «inor ez da bidegabeki bere herritartasunaz gabetua izaten ahal» (4.art) eta «herritarrei begira diskriminazio ezaren printzipioak bideratu behar ditu Estatuak» (5 art). Horrez gain, pertsona aberrigabea bilakarazten duen kasuan herritartasunaren galera ezinezkoa dela diolako.

Hori guztia dela eta, pentsa daiteke irailean oposizioak emendakin horiek Batzorde Konstituzionalera eramango dituela konstituzionaltasuna ikertzeko.

1. Galera erraztua

«Polizia, jendarmeriako militar ala agintaritza publikoa duen edozein pertsonaren biziari nahitara helmen egiten duen eta jatorriz kanpotarra den frantziarraren herritartasunaren galera» ahalbidetu nahi du Sarkozyk. Horrez gain, Brice Hortefeux Barne ministroak aukera hedatu nahi du ablazioa, poligamia, jendeen salerosketa eta «delinkuentzia ekintza larriak» egiten dituztenei. Zeri deitzen dion «delinkuentzia larria» ez da zehaztua izan.

Lege proposamenari buruz, Michele Alliot-Marie Justiziako ministroarekin baita Bessonekin ere batera gogoetatuko du besteren artean Barne ministroak, eta hilabete bukaeran egin beharra dio aitzin proposamena Sarkozy presidenteari.

Kritika asko jaso dituzte; batez ere delinkuentzia eta immigranteen artean hurbiltasuna eginez jatorriz kanpotarrak direnen «estigmatizazioa» leporatua zaie, besteen artean.

Gaurko egunean, Frantziako legediaren arabera, lau kasutan bakarrik gal daiteke herritartasuna: Nazioaren interesei helmen egiten dioten krimenak eta delituak egiteagatik edo terrorismo kasuan; espioitza, oldartzea edo saldukeriagatik; Frantziaren Zerbitzuen Kodikoak zehaztu egin beharrak ez badira errespetatu eta beste estatu baten interesentzat, Frantziaren interesen aurka doan ekintza egiteagatik.

Hots, estatuaren kontrako gaizkintzegatik bakarrik eta orain arte «ezohizkoak» gelditzen da.

2. Lorpena gogortu

Frantziar herritartasuna «merezitzen» dela erranez, horren lorpena gaizkileentzat ez dela gehiago «sistematikoa» izan behar, hori du xede baita. Adierazpen honi doakionez ere ez da zehaztua zeri deitzen dion «gaizkile».

Orain arte, guraso atzerritarren haurra Frantzian sortu bada, horrek «sistematikoki eta eskubide osoz» lortzen du herritartasuna, 11 urteetarik aitzina bost urtez gutxienez Frantzian bizitua izan bada.

3. Nomaden kanpaldiak

Nomaden baimenik gabeko kokapenen «bukaera» nahi du ere Frantziako presidenteak. «Eskubiderik gabeko guneak» direla erranez, «ezin onartukotzat» jo zituen Grenoblen egin hitzaldian. Hori dela eta, irail bukaerako auzitegiek galdatutako desegite guztiak burutuko dituztela jakinarazi du. Erabaki judizialik ez dutenentzat, «ahal bezain laster» lortzeko urratsak eginen dituztela zehaztu du.

Berretsi egin du Hortefeuxen xedea; hau da, hiru hilabetez, kanpamendu «ilegalen» erdiak desagerraraztea. Jendarmeek uztailaren 17an ibiltari bat hiltzeagatik izandako eraso batzuen ondotik, Parisen ibiltariei buruz hitz egiteko antolatu bilera batean aurkeztu zituen hainbat neurri; nomaden eta kriminalitatearen arteko hurbiltasun hertsia eginez. Besteak beste, «ordena publikoa trabatu ala iruzurra egin» duten ibiltarien kanporaketa «kasik sistematikoaren» berri eman zuen eta Errumania eta Frantziako polizien arteko elkarlanaren azkartzeko xedea aurkeztu.

4. Papergabea kanpora

«50 urtez gutxiegi neurturiko» immigrazioaren ondorioak «pairatzen» direla erranez, berretsi du «klandestino guztien» kanporaketa. Papergabeek jasotzen dituzten diru laguntzen heina arra kalkulatu nahi ditu, « egoera irregularrean den batek ezin dituelako egoera erregularrean dena baino eskubide gehiago ukan».

5. Gurasoak zigorturik

Adin txikikoen delinkuentzian gurasoek «argiki ez dutelarik kasurik egiten», horien ardura eskasagatik zigortu behar direla deklaratu du. Adibidez, eskolara ez doan haurraren kasuan, ez egotearen berri ematen ez duten gurasoek ez dute gehiago Familien Laguntzarako Kutxako diru laguntzarik jaso behar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)