Jaurlaritzak elkartasuna adierazi dio Senegalgo kontsulari
Berria, , 21-07-2010Erredakzioa.
Gasteiz
Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Diputazioko ordezkariek bilera egin zuten atzo Pape Mada Ndourrekin, Senegalgo Gobernuak Madrilen (Espainia) duen kontsulatuko ordezkari nagusiarekin. Aurreko asteazkenean Lantaronen (Araba) gertatutako eraso xenofoboa dela medio, elkartasuna adierazi nahi izan zioten senegaldarrari. Eusko Jaurlaritzatik Miguel Angel Gonzalez Immigrazio Saileko zuzendaria joan zen, eta Arabako Aldundiaren izenean, berriz, Covadonga Solaguren Gizarte Politika Zerbitzuetako diputatua.
Gonzalezek, babesa eskaintzeaz gain, guztiz gaitzetsi du iragan den astean gazte talde batek Senegalgo lau gizoni eraso egin izana. Jaurlaritzako Gizarte Laneko Saileko iturrien arabera, Gonzalezek «behar duen laguntza guztia» eskaini dio kontsulatuko ordezkariari, eta esan du ziur dagoela justiziak «bizkor» erantzungo duela, eta «gertaera egiaztatzen bada» erasoaren ustezko erantzuleak zigortuak izango direla. Solagurenek ere babesa eta elkartasuna adierazi dio kontsulari.
Erasoa gertatu eta astebetera, sei gazte dituzte identifikatuta; ustezko erasotzaile guztiak aske daude, eta bakarrari ezarri diote epaitegian agertzeko agindua.
(Puede haber caducado)