Ezezagutza, aurreiritziak eta oinazea
2005ean Londonen izan ziren atentatuen itzalpean mugituko dira Rachid Bouchareben filmeko bi protagonistak
Berria, , 16-07-2010G. A.
Memoriaren lainoak estalita, urrun, oso urrun gelditzen da. Soilik bost urte pasatu dira: 2005eko udan hainbat atentatu izan ziren Londresen, metroan eta autobusetan. 50 lagunetik gora hil ziren, eta Erresuma Batuko herritar musulmanen aurkako mesfidantza eta erasoak ugaldu ziren. Gertaerok ardatz hartuta, kulturen arteko ezjakintasunaren inguruko filma osatu du Rachid Bouchareb zuzendari frantziarrak.
Jatorri diferenteko bi pertsona dira filmeko protagonistak: herri batean bizi den adineko andre britainiarra, eta jatorri afrikarreko gizon musulmana. Itxura batean, gauza komun gutxi dute, baina atentatuek elkartuko dituzte. Ez dute elkarren seme-alaben berri, ez dakite hildakoen artean ote dauden. Gertukoen bilaketa desesperatuak harremanetan jarriko ditu biak.
Abiapuntu horretatik, Boucharebek aurreiritzi eta kulturen arteko hesien inguruko gogoeta irekia egin du. Haren helburua ez da atentatu horiei azalpena bilatzea, horiek baliatuta egungo gizartearen hainbat gaitz jasotzea baizik.
Sommer anderea Erresuma Batuan jaioa da, baina Londresera joatearekin ohartuko da zein gutxi ezagutzen duen bere herria. Kultura, arraza eta erlijio diferenteak ikusita, beldurtuta eta lekuz kanpo sentituko da. Hasiera, bere ikuspegitik, musulman guztiak dira gertatuaren erantzule. Baina alaba bilatzean, gauza berri asko ikasiko ditu, eta bere mundu txikia zertxobait zabalduko da.
Iazko Berlinalen aurkeztu zuten filma, eta Sotgui Kouyate maliarrak eskuratu zuen aktore onenaren zilarrezko hartza- handik hilabete gutxira hil zen Kouyate-. Iaz Donostiako Zinemaldian ere izan zen filma, Zabaltegin. Bouchareben bosgarren film luzea da. 2006an egin zuen Indigènes filmari esker hasi zen nazioartean bere lana ezaguna izaten.
‘LONDON RIVER’
Zuzendaria: Rachid Bouchreb.
Aktoreak: Brenda Blethyn, Sotigui Kouyate, Roschdy Zem, Sami Bouajila, Bernard Blancan.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Iraupena: 90 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Iaz estreinatu zen Iparraldean.
(Puede haber caducado)