Milaka etorkinen txostenak zabalik geratuko direla esan dute Helduko beharginek

Bihar elkarretaratzea egingo dute Bilbon, etorkinentzako laguntza zerbitzuaren itxiera salatzeko

Berria, , 16-07-2010

Nagore Molinero.
Bilbo

Gipuzkoan 1.600 etorkin ingururen txostenak zabalik geratuko dira. Araban beste horrenbeste izango dira. Bizkaian, zenbaki hori bikoiztu edo hirukoiztu daiteke. Heldu zerbitzuko langileek horren gaineko kezka azaldu zuten atzo prentsaurrekoan. Etorkinen laguntzarako zerbitzuak funtzionatzeari utzi zion atzo. Horregatik, EAEko 22 gizarte taldek osatutako Eskuz Esku plataformak, Helduko langileek eta Ezker Gogoa elkarteak Bilbon izango den elkarretaratzerako deialdia egin dute biharko. Arriaga antzokiaren aurrean izango dira arratsaldeko seietan: «Eusko Jaurlaritzak etorkinei egiten dizkien eskubide murrizketak salatzeko helburuarekin».

Eusko Jaurlaritzak murrizketak «zerbitzuak antolatu eta arintzeko» argudiopean egin dituela adierazi dute elkarretaratzera deitutakoek. Bestelako ustea dute, ordea, beraiek, eta etorkinentzako eta errefuxiatuentzako konpromisoa birplanteatzeko eskatu diote Jaurlaritzari. «Etorkinentzat zerbitzu juridiko publikoa exijitzen dugu». Haien ustez, Eusko Jaurlaritzak bere ardurari uko egin nahi dio «dokumentuen tramitazioa gobernuz kanpoko erakundeen esku utziaz».

Zerbitzu juridikorik ez

Silvia Gutierrez Helduko koordinatzaileak adierazi duenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak abian jarritako Biltzen integrazio zerbitzuak «ez du eta ez du inoiz izango zerbitzu juridikorik». Ildo horretan, Gemma Zabaletak zuzendutako sailak zerbitzua Biltzenen pean uztea kritikatu du. Helduren eredu berria oso eskasa dela esan du: «Doaneko telefono linea eta posta elektroniko batean oinarritzen da soilik».

Heldu zerbitzuan egin izan duten lana telefono bidezko kontsultek ordezka dezaketela pentsatzeak «gai honen inguruko ezjakintasuna» adierazten duela aipatu du Silvia Gutierrez koordinatzaileak, aski arduratuta. «Ezingo dute eskaini Helduk ematen zituen orientazioa eta aholkularitza».

Hainbeste denboran publikoa izan den zerbitzua pribatu bihurtuko dutela adierazi du Helduko koordinatzaileak. «Zerbitzu publiko bat ezabatu dute». Zerbitzu berria ez dela doanekoa izango ere esan du, eta iritzi publikoa ez nahasteko eskatu du. «Modu absolutista batean egin den politika kontserbadore baten aurrean gaude». Silvia Gutierrezek, halaber, Gemma Zabaleta sailburuak adostasun batera heltzeko aukera baztertu duela azpimarratu du.

Ekintza judizialak

Helduren itxieraren ondorioz, hainbat ekintza judizial abiatzea ikertzen ari direla agertu dute protestarako deialdia egindako taldeek. Informaziorako blog bat ere zabalduko dute, itxierarekin zer gertatuko den kontatzeko. Sinadurak biltzen ari direla ere esan zuten. Besteak beste, alderdi politiko eta sindikatu ugariren laguntza jaso dute.

Besteak beste, Aralarrek elkarretaratzearekin bat egiten duela jakinarazi zuen atzo. «Ez dugu ulertzen Gizarte Politiken Sailak hartutako erabakia, are gutxiago, krisiaren ondorioz murrizketak aplikatzea hain justu gizarte zerbitzuetan, eta, gainera, premia gehien dituzten pertsonei zuzendutako zerbitzua dela kontuan izanda», adierazi du Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak. Alderdiak itxiera honen aurrean galdera ugari dituela esan du. Besteak beste, honako hauek plazaratu ditu: «Irekita dauden espedienteekin zer egin asmo duen sailak, zerbitzua eten ostean; baita Helduk orain arte egin duen lana nola gauzatuko duen aurrerantzean».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)