Heldu

Berria, Koldo Aldabe, 14-07-2010

Atzerritarrei laguntza juridiko-soziala emateko zerbitzua linboan geratuko da bihartik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2002tik orain arte zerbitzu hori ematen zuen Helduk, baina Eusko Jaurlaritzak eten egingo du zerbitzu hori. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak eman dituen azalpenak lausoak izan dira, bai Heldu ixteko erabakiaren inguruan eta bai Helduk ematen dituen zerbitzuen etorkizuneko kudeaketaren inguruan.

Aldiz, argi mintzo dira Helduko 23 beharginak, etorkinen babesean eta integrazioan diharduten gobernuz kanpoko erakundeak, abokatuen elkargoak eta beste hainbat elkarte. Haien arabera, etorkinen inguruan administrazioan egiaz eta oso ongi funtzionatu duen zerbitzu bakarra Helduk eman du, eta hura deseginda, milaka eta milaka etorkin babesik gabe geratuko diren beldur dira. Gero eta atzerritar gehiago dauden unean eta atzerritarren egonaldiak arautzeko baldintzak gero eta gogorragoak diren unean dator Jaurlaritzaren politika aldaketa, gizarteko sektore ahulenekiko egin nahi duen politikaren ispilu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)