Kanporatzeko ebazpenaren aurkako helegitea ezarri dute nomadek
Paueko auzitegiak bihar aztertuko du kanporatze eskaria eta ordura arte Angelun segituko dute nomadek
Berria, , 08-07-2010Aitor Renteria.
Baiona
Angeluko (Lapurdi) Choisy kirol zelaian kokatu diren nomadek helegitea ezarri dute Baionako suprefetak izenpeturiko kanporatze aginduaren aurka. Paueko auzitegiak bihar aztertuko du ibiltarien helegitea, eta, ordura arte, ezin ditu kanporatu. Laurent Nuñez Baionako suprefetak izenpeturiko kanporatze agindua indargabeturik dago auzitegiak helegitea aztertu arte, eta ondorioz ibiltariak Angelun egonen dira, ostirala arte bederen.
Ibiltarien udako pasaia urteroko liskarra bihurtzen da Lapurdi kostaldean. Aurten Baiona-Angelu-Miarritze Herri Elkargoak ibiltariak hartzeko gune bat prestatu du Baionako portuan. 150-180 karabana hartzeko gaitasuna du gune horrek. Alta, joan den igandean abantzu 500 karabana azaldu ziren bertara. Gune horretako kudeatzaileak adierazi zien ez zegoela gaitasunik hainbat jende hartzeko eta bertze toki bat atzeman beharko zutela.
Ohiko tokietara joatea deliberatu zuten ibiltariek. Horrela, 170 karabana inguru kokatu ziren Uztaritze eta Milafranga arteko bidean, herriko etxeei baimenik eskatu gabe. Karabanak hartzeko prestaturik ez dauden zelaietan kokatu ziren. Herriko etxeek ibiltariak kanporatzeko neurriak hartzeko eskatu zioten Baionako suprefetari. Horretarako, bi arrazoi aitzinatu zituen Dominique Lesbats Uztaritzeko auzapezak. Batetik, ibiltariak kokatu diren tokitik hurbil bi eremu prestatu zituela herriko etxeak, eta bertzetik, ibiltariek hautatu duten eremuan uholde arrisku handia dagoela.
Bokalen 180 karabana inguru gelditzen ziren bitartean, bertze 150 karabana Angeluko Choisy kirol zelaira joan ziren. Ibiltariek BAM Herri Elkargoak proposatu dien gunea ez onartzeko arrazoiak azaldu zituzten bitartean. Saint Bernard kaian prestatu duten eremuko zola porlanezkoa da nagusiki. Beroa metatzen da, eta bizi-baldintzak jasanezinak direla salatzen dute ibiltariek. Harrera duina egitea eskatzen dute; horregatik, funtsezko deritzote berdeguneen inguruan kokatzeari.
Bertzalde, haien kontrako jazarpena salatzen dute ibiltariek. Gogoratzen dute abuztuan ez direla ohikoak euriteak eta herriko etxeek aitzinatzen dituzten uholde arriskuak ez direla sinesgarriak.
Zelaien jabeak, biziki haserre daude. Urtero errepikatzen den egoerari behin betiko konponbidea eman behar zaiola diote. Iritzi horretakoa da Kiki Mendiburu Les Genets kirol taldeko presidentea. Ez du sekula onartu kirol zelairako bidea ixtea, adineko jendeei eta ezinduei eragozpen gehiago jartzea litzatekeelako. Onartzen du Baionako portuko kokagunea ez dela egokia eta ez dela gai behar guztiei ihardesteko.
Iaz Angeluko Herriko Etxeak harrera gune duin bat prestatzea proposatu zuen, Brindos deritzon eremuan. Alta, Arrangoitzetik hurbil dago eremu hori eta bertan luxuzko etxe ugari daude. Jabeek presio handiak egin zituzten, eta, azkenean, gibelera bota zuten egitasmoa.
Legearen agindu pean
Choisyko kirol zelaiko okupazioari bukaera emateko prozedura abian dela nabarmendu du Jean Ezpilondo Angeluko auzapezak. Uztailaren 5ean idatzitako gutun batean, ibiltariak kirol zelaitik kanporatzea eskatu zion suprefetari. «150.000 biztanle dituen eremua gara eta legeak inposatzen diguna baino toki gehiago prestatu ditugu ibiltarientzat», dio Ezpilondok. Kopuru aldeko baldintzak ez ezik, osasun arlokoak ere kontuan hartuak direla azpimarratzen du. Engoitik, lege prozedura argi dagoela azaldu du, baimenik gabe sartzen diren ibiltariek badakitela berandu gabe kanporatuko dituztela.
Ibiltarien arduradunek konponbide bat atzemateko borondaterik ez zutela nabarmendu du Ezpilondok. «Ibiltariek ordulariaren kontrako lasterketa ezarri dute martxan legea baliatuz; alferrik izanen da, eskubideak eta betebeharrak daudelako».
(Puede haber caducado)