Obamaren helegitea kritikatu dute Arizonako agintariek

Immigrazio Legearen kontrako neurriak Arizonako Estatuari erasotzen diola esan du Brewer gobernadoreak

Berria, , 08-07-2010

Erredakzioa.

Paperik gabeko etorkinak izateagatik bakarrik gaizkile bilakatuko dituen legea indarrean sartzeko prozesuari helegitea jarri dio Barack Obama AEBetako presidenteak Arizonan; baina neurri hori hartu eta berehala atera dira kontserbadoreak Etxe Zuria kritikatzera. Jan Brewer Arizonako gobernadorearentzat «okerra» da Estatuari helegitea jartzea immigrazio lege federalak indartzen «lagundu» nahi izateagatik.

Legea «arrazoizkoa» eta «konstituzionala» da gobernadorearentzat, eta legeak dagoeneko dituen sei helegiteei aurre egiteko argudioak «soberan» dituela aurreratu du. Legeak arraza dela-eta bazterkeria bultzatzen lagunduko duelako eta, beraz, Konstituzioak agintzen duenaren aurkakoa delako, salaketa jarrita dute dagoeneko giza eskubideen aldeko hainbat erakundek erabaki horren aurka.

Obamaren helegitearen aurka aritu da John McCain Arizonako senatari eta bozetan Obamaren lehiakide izandakoa ere. McCainek kritikatu du gobernuak ez dituela ahaleginak egiten paperik gabekoek Arizonara ekartzen duten krimena amaitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)