Neurria

Berria, Itxaro Borda, 01-07-2010

Heziketa gatik muga gainditzen dugu, bereziki egunotan frantses futbolarien ekin-eza erretreten erreforma bidegabekoa baino eztabaidatuagoa bihurtzen denean. Lehendakaria afera horretaz pertsonalki axolatzen da, La Courneuveko etxebizitza zaharkituen leherrarazteaz bezala. Omnipotentea da eta segur aski sukaldeko itogina aipatzen baldin banio teilatuaren konpontzera etor liteke ziztuan. Politikariek politikaren alorra desertatzen dutela argi dago peoplekerietan eratortzeko.

Kolegak ohartarazi zidan futbolari gehienek ez zekitela marseillaise himnoa abesten. Sasi-hirietarik etorri milioidunak gaitzesten zituen herratsu 1998ko bleus-blancs-beurs haien mitologia ahantzia bailitzan. Geroztik eskuinak boterearen giderrak monopolizatu ditu eta identité nationale zizkolatsuaren debadioak histeria hazi du. Atzerritar jatorrizko herritarren aurka bortizkeria franko zilegitzen da Frantzia behere hortan. Johanesburgeko deboilak norberaren baitako piztiak agerian utz ditzake. Gobernuko iruzurtiei noski amalgama sustatzea interesatzen zaie.

Bleus taldeari futbolean jostatzea baizik ez genion eskatzen, galdu arren borrokatzea, Grezia, Aljeria edo Hegoafrikaren moduan. Hori ere ez zuten lortu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)