Zaintzapeko etorkin adingabeak hasi dira tutoretza agiriak jasotzen Araban
Seniderik gabe dauden adingabeei buruzko informazio ezkorra sustatu dela diote hainbat elkartek
Berria, , 22-06-2010Jon Rejado.
Gasteiz
Arabako Foru Aldundia bere zaintzapean dauden hainbat adingabe atzerritarrei tutoretza egiaztagiriak ematen hasi da. Agiri hori ezinbestekoa dute adingabeek adinez nagusiak direnean egoitza agiria lortzeko eta gizarteratzean aurrera egiteko. Aldundiak behar hori betetzen ez zuela kritikatu zuten, ordea, adingabeek eta horiei babesa ematen dieten elkarteek duela hainbat aste. Orain arte 25 adingabe inguruk agiriak jaso dituztela jakinarazi du horien alde lan egiten duen plataformak.
Egiaztagiriak ematea Aldundiari legez dagokion ardura dela nabarmendu, eta lan horretan aurrera jarraitzeko galdegin zion plataformak atzo egindako agerraldian. Horrez gain, zaintzapean dituen pertsonei adinez nagusiak diren unetik aurrera nolabaiteko babesa ematen segitzeko eskatu zion; «babespean egon diren gainontzeko adingabeen kasuan egiten den bezala, atzerritarrak izan edo ez».
Bestalde, adingabeentzako egoitzen bizi-baldintzak hobetzeko eskatu dute, eta Arartekoak emandako aholkuekin bat egiteko.
«Informazio intoxikazioa»
Aldundiak azken sei hilabeteetan izandako jokabidea kritikatu dute plataformako kideek. Zaintzapean dituen adingabeen gaineko informazio ezkorra sustatu izana leporatu diote, hedabideetan «informazio intoxikazioa» eraginez. Hain zuzen ere, duela hainbat aste hedabide batek Araban zeuden adingabe kopurua berrehundik gorakoa zela jakinarazi zuen, plataformaren iritziz, ordea, 50 adingabe inguru daude gaur egun.
Bide batez, plataformak azaldu du adingabeek astean hamabi euroko paga jasotzen dutela, «baldin eta ondo portatzen badira». Hedabideetan horrekin bat ez datozen kopuruak jakinarazi direla gaineratu du. Informazio ezkor horiek adingabeekiko jarrera arrazistak behartu dituztela esan du, eta gogorarazi du adingabearen interesak izan beharko lukeela lehentasun osoa.
(Puede haber caducado)