Munduko arrozak ekimenak itxi du "topak" jaialdia
Gastronomiarekin agurtu zuten atzo Urgulleko kulturarteko topaketa
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 20-06-2010donostia. Bost egun luzeren ostean, atzo amaitu zen Banda Bat elkarte soziokulturalak, Donostia 2016 Hautagaitzaren laguntzarekin, zortzigarren urtez antolatu duen Topak Urgulleko kulturarteko topaketak.
Munduko arrozak ekimenarekin itxi zuten 2010erako prestaturiko egitaraua, antolatzaileen ustetan, topaketetako ekitaldirik “bereziena”, hain zuzen ere. Donostiako Alde Zaharreko Trinitate plazara bertaratu zirenek hiru urtez jarraian antolatu den jaialdi gastronomiko batekin gozatzeko aukera izan zuten. Munduko arrozak izenak berak dioen bezalaxe, arroza gai nagusitzat hartuz, unibertsaltasuna eta aniztasun soziokulturalaren balioa azpimarratzea izan zituen helburu.
Horrez gain, 12.00etatik aurrera, azoka multikulturalarekin, kaleko antzerki saioekin, kalejira eta Esperanza Latina, Kari Warmi eta Sayaryi Bolivia dantza taldeen emanaldiekin ere gozatzeko aukera izan zuten donostiarrek. Musikak ere izan zuen bere txokoa atzo arratsaldean, Música Andina (16.45), Mosaico Flamenco (17.30), Putxero sonidero (18.30), Harresian zulo (20.00) eta Damba taldeen (22.00) eskutik.
bost egun, ekitaldi mordoa Hala ere, lehengo astelehenetik atzora bitartean, donostiarrek hiriko hainbat tokitan aurrera eraman diren kultur jarduerekin gozatzeko aukera izan dute.
Hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, proiekzioak, musika eta antzerki emanaldiak, dantza eta gastronomia izan dira, besteak beste, topaketaren baitan egin diren ekimenak eta guztiek hiru gai nagusi izango dituzte ardatz: inmigrazioa, aniztasuna eta bizikidetza.
Topaketaren helburua migrazio – prozesuetan etorkinek izaten dituzten zailtasunak erakustea da, gizarte elkartasuna indartzen saiatzea, errespetua, eskubide berdintasuna, sentsibilizazio ekologista, kontsumo arduratsua eta integrazioa moduko baloreak lantzea da, besteak beste.
(Puede haber caducado)