Gizakiak ugaltzeko gaitasunik gabe 2027an
Berria, , 16-06-2010Etorkizun hurbil batean (2027. urtean) girotutako zientzia fikziozko lan grisa baina interesgarria da Alfonso Cuaron mexikarrarena. Grisa da, tarteka ilun samarra, baina zientzia fikziozko generoa maite dutenek gozatuko dute. Izan ere, istorioak badu mamia, eta gizateriaren erretrato gaizto eta ezkorrak kontuan hartzeko modukoak dira.
P.D. Jamesen eleberriari jarraiki, gizakiek ugaltzeko ahalmena galdu dute. Lurreko pertsonarik gazteena 18 urterekin hil da, eta oso ezkor daude gizaki gehienak. Theo (Clive Owen) aktibista erradikala izan zen garai batean, eta, orain, Julianek (Julianne Moore) kontratatuko du, emakume bat babes dezan. Terrorista talde batek emakumeari erasoko dio, eta Theok aurre egin beharko die. Julianen taldekoak prest daude bizia emateko, emakumea salbatzen baldin badute.
Gidoia eta filma bera erdialdera apur bat erori eta herren samar gelditzen dela dirudi. Hala, istorioa zenbait unetan sinesgaitza bilakatzen da, nahiz eta errealismoz jantzi nahi izan. Dena den, aktoreen interpretazioak txukunak dira; oro har, arnasten den atmosfera ongi lortuta dago, eta trama indartsu samarra da. Hobea izan zitekeen, baina onartzeko modukoa da behintzat.
Urtzi Urkizu
(Puede haber caducado)