Hegoafrika batu al dezake futbolak?

Gehiengo beltzak pozarren egin dio harrera hasieratik Munduko Kopari. Zuriak orain hasi dira haren balioan sinesten. Ondorenak sortzen du kezka.

Berria, , 16-06-2010

Joan Canela Barrull
Johannesburgo

Munduko Kopa onuragarria da, oraindik ere beharrezkoa baitugu herri hau batzen lagunduko duen edozer». Desmond Tutuk esana da, Lurmutur Hiriko artzapezpiku, Bakearen Nobel saridun eta Hegoafrikaren egiazko kontzientziak esana. Orain dela bi urteko hitzak dira, eta, beharbada, garai hartan bazirudien xaloegiak zirela. Izan ere, Tutuk ahoan bilorik gabe kritikatu izan ditu askatze mugimenduaren hutsuneak eta kide batzuen ibilbide oportunista, eta, horretara ohituta, espero izatekoa zen Tutuk gogor salatzea hainbeste milioi gastatu izana estadioak egiten, eskolak edo estoldak egin beharrean. Baina Tutuk nahiago izan zuen emozioaren alderdiari begiratu: «Hegoafrikar guztientzat gogo-bizigarri izango diren proiektuak behar ditugu».

Baina orduan zaila zen hori sinesten. Gehiengo beltza poz-pozik zegoen Munduko Txapelketa zela-eta, baina nekeza zen gogoa bero zeukan zuririk aurkitzea: «Hondamendia izango da», «ez dago horrelako ekitaldi bat antolatzeko gaitasunik», «politikari ustelen trikimailu bat da, gogotik aberastu ahal izateko». Iritzi horiexek ziren nagusi zurien artean. Norbaitek ezer onik aurkitzen bazion, bitxikeriaren bat izaten zen: «Azkenean, munduak ikusiko du nola bizi garen gobernu beltzak zapaldurik», bota izan du Gelder-ek, Afrikanerren Erresistentzia Mugimendu ultraeskuindarraren jarraitzale sutsua bera.

Zuriak gutxiengoa dira, baina ekonomian haiek dira nagusi, eta bi aldetatik datorkie Munduko Txapelketaren inguruko arbuioa. Alde batetik, sinetsita daude kudeaketa txarrez, ustelkeriaz eta krimenez beteriko infernu batean harrapaturik bizi direla, apartheid-a kendu zenez geroztik; inork ez du argi eta garbi egiten berriz segregazioa ezartzearen alde, ezta Gelder erradikalak ere, baina zuri gutxik ikusten diote ezer onik gehiengo beltzaren gobernuari, eta ez daude prest onartzeko gobernua Munduko Futbol Txapelketa antolatzeko gai denik. Bestetik, ez dira batere futbolzaleak, eta ez zaie askorik inporta selekzio nazionala Bafana Bafana deitua, «mutilak mutilak» zulueraz. Hegoafrikako zuriak 1980an hasi zitzaizkion muzin egiten futbolari, apartheid-a malgutzen hasi eta arraza guztientzako liga bakar bat sortu zenean. «Lehen, mugimendu amateur handia zegoen, eta zale zintzoak ere bai, baina txapelketa batuak sortu zirenean, inork ez zituen bere haurrak beltzen township-etara [ghettoetara] eraman nahi», kontatu du Mark Gleeson kirol kazetariak.

Gaur egun ere hala gertatzen da, eta, horren ondorioz, bafana zuri bakarra dago: Matthew Booth defentsa. «Gurpil moduko bat da: zenbat eta jokalari zuri gutxiago izan, orduan eta zale gutxiago, eta segi horrela», onartu du Gleesonek. Iaz Konfederazio Kopa Hegoafrikan jokatu zenean, agerian gelditu zen selekzioarekiko ezaxola, baita Hegoafrikatik kanpo ere, eta atzerriko kazetari zuriengana iritsi zen, batez ere italiarrengana eta espainolengana. Zaleek Boothen izena oihukatzen zutenez hark baloia ukitzen zuen bakoitzean, «boooooo» zalapartatsu bat aditzen zuten kazetariek zelaian, eta pentsatu zuten zale beltzak jokalari zuriaren kontra ari zirela: ez zuten lanik hartu iraina ez baizik animo oihuak zirela egiaztatzeko, Booth jokalari maiteenetako bat da eta.

GIROA, BERO-BERO

Baina Munduko Txapelketa hasteko eguna hurbildu ahala, gauzak aldatzen hasi dira, eta Desmond Tuturen hitzek profeta batenak dirudite. Johannesburgon ostiral batean paseo bat eman besterik ez dago: gero eta zuri gehiagok daramate soinean bafanen horia -. «Sarrerak erostera joan nintzen, eta ilaran zuri mordo bat zegoen», azaldu du, hunkiturik, Thierry Naidook; musikaria da, eta Johannesburgo Bartzelonaren Peñako idazkaria.

«Hegoafrikan, izugarri handitu da harrotasun nazionala», esan berri du Hegoafrikako presidenteak, Jacob Zumak, txapelketaren alde ari zela. Eta begien bistan da harrotasun sentipen hori zuri batzuen artean ere zabaldu dela, nahiz eta orain arte ez zeuden prest Ortzadarraren Hegofrikan eroso sentitzeko. Bandera nazionalaren koloreetako ileordeak eta plastikozko betaurreko handi-handiak jantzita, eta vuvuzela turutak eta ezinbesteko beste tramankuluak aldean, estadioak betetzen hasi dira, tartean gazte zuri dezente daudela.

Baina Aubrey Matshiqik, Ikerketa Politikoen Zentroko adituak, zuhurtzia eskatu du, ez dadila irudi erromantikoegia sor txapelketak politikan izango duen eraginari buruz. «1995ean Munduko Errugbi Txapelketa jokatu zenean, antzera gertatu zen, baina ez dugu pentsatu behar txapelketa batek ezabatuko dituenik hiru mendeko kolonialismoaren eta apartheid-aren ondorioz sorturiko zatiketak». Matshiqik gogora ekarri du zer gertatu zen Clint Eastwoodek Invictus filmean kontatutakoaren ondorengo urteetan: Errugbi Federazioak, segregazioaren aldekoen gotorlekuak, direnak eta ez direnak egin zituen jarraitzaile beltz berriak uxatzeko, eta Mandelaren gobernuak berak ikerketa bati ekin behar izan zion, taldeetan arraza bereizkeriarik ba ote zegoen ikusteko. Matshiqirentzat, garrantzitsua da honetaz ohartzea: «Ekitaldiaren ondoren gertatzen dena garrantzitsuagoa da, ekitaldia izan bitartean gertatzen dena baino. Adiskidetzea etxe oso bat egitea da, eta Munduko Txapelketa adreilu bat besterik ez da».

Badago arrazoirik 1995az geroztik gauzak aldatu egin direla pentsatzeko; izan ere, orain dela bi aste Soweton jokatu da Errugbi Txapelketa Nazionala. Hegoafrikarrentzat berentzat zirraragarria izan da beltzen auzo mitikoan milaka zuri afrikaner ikustea gehienak lehen aldiz hara joanak beren bizi guztian, eta keinu indartsu bat izan da beltzak errugbiarekin zaletu daitezen.

Mark Gleesonek nabarmendu du erdiko klase beltza sortzeak orain arte ezinezkoa zirudiena ekarri duela: «Errugbiaren esklusibotasun irudia gero eta erakargarriagoa zaio erdiko klase beltz gero eta handiagoari; haien haurrek eskola pribatuetan ikasten dute, eta eskola horietan oso sustraitua dago errugbia».

ARRAZAKERIAREN KONTRA, FUTBOLA

Ezin uka daiteke kirola arrunt politizatua dagoela mundu guztian eta identitateak indartu eta leialtasuna sustatzeko erabiltzen dela. Baina Hegoafrikan errealitate hori oso gordina da eta izan da.

Dennis Brutus poeta eta kirol aktibistak Berriari eman zion bere azken elkarrizketetako bat, iazko abenduan hil aurretik. Gogogora ekarri zuen orduan atxilotu, tirokatu eta kartzelatu egin zutela, Hegoafrika nazioarteko lehiaketatik bota zezaten saiatzeagatik. «Nork esan du kirola ez dela politika? Apartheid-aren ondorioz zuriek eta beltzek elkarrekin jokatzea debekatua zegoenean, hori guztiz politikoa zen: kontua zen beltzak zuriei nagusitzeko aukerarik gabe uztea, arrazisten ideiak arriskuan ez jartzeko».

Azkenean, apartheid-aren Hegoafrikari betoa jarri zioten, batak bestearen atzetik, kirol erakundeek. Lehenbizi, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jarri zion, 1962an, eta gero FIFAk, 1964an: tentsioz beteriko batzar batean, Hegoafrika berriz kanporatzea lortu zuten Asiako eta Afrikako ordezkariek, garai hartan betoa kendua baitzegoen Federazioko presidente Stanley Rous ingelesaren ekimenez, Pretoriaren lagun handia baitzen hura. 1976an kanporatu zuten Hegoafrika behin betiko, Soweton ikasleen sarraskiak izan ondoren.

«Bitxia da, baina FIFA saiatzen da arrazakeriaren aurkako borrokalaria izango balitz bezala agertzen, baina denbora askoan erregimen arrazistari lagundu zion», segurtatu du Hassen Lorgat sindikalista eta historialariak. 2007an, Hegoafrika Munduko Txapelketa antolatzen hasita zegoela, FIFAk ohorezko kide izendatu zuen Makana futbol elkartea, Robben Islandeko espetxe famatuko preso politikoen taldea. Hiru ligak osatzen zuten Makana buruzagi matxino xhosa baten ohorez hala deitua, eta nazioarteko araudia betetzen zuen, zorrotz-zorrotz, FIFAren eskuliburua baitzen presoek eskura zituzten liburu gutxietako bat.

Hegoafrikari nazioarteko betoa jarritako azken kirola errugbia izan zen, gutxiengo zuriaren kirolik kutunena; horixe izan zen nazioarteko elkartasun mugimenduak apartheid-ari eginiko umiliaziorik handiena. Nahiz eta Australiako eta Zeelanda Berriko federazioek harreman onak zituzten Hegoafrikarekin, herri horietako jokalari aborigen eta maoriek uko egin zioten Springboks-ekin jokatzen segitzeari. Connie Field estatubatuarraren Fair Play dokumentalak kontatzen duenez, 1891ean Hegoafrikako selekzioa Zeelanda Berrira joandako azken aldian 400 lagun atera ziren zelaira, partida jokatzea eragozteko. Lan horretan bertan, nabarmen ageri da garai hura giltzarri bat izan zela Ozeaniako uharte horietako indigenek beren eskubideen kontzientzia har zezaten.

Nazioarteko kirol boikota apartheid-aren bakardadea nabarmentzeko tresna garrantzitsuenetakoa izan zen. Orain, berriz, kirol parte-hartzea funtsezkotzat jo dute gizartearen moldaketa demokratikoa egiteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)