Jon Bollar. Uemako lehendakaria

«Etorkinak euskararen bidez integratzeko lanean gabiltza»

Berria, , 13-06-2010

I. B.
Mallabia

Uemaren egoera «inoizko onena» dela dio Jon Bollarrek (Aulesti, Bizkaia, 1970). Atzo egin zuten elkarteko batzar orokorra. Izurtza Ueman sartzea onartu zuten aho batez. Baita Kutxarekin hitzarmena izenpetzea ere. Itun horren bitartez, Ueman dauden Gipuzkoako herrietan komunikazio eta harreman oro euskara hutsean landuko ditu Kutxak. Udalbiltza auzia-ren aurkako mozioa ere aho batez onartu zuten. Halaber, Bergarako ordezkari Maite Guridik Adunako ordezkari Miren Aburuzaren tokia hartu du zuzendaritzan.

Uemaren egoera inoizko onena dela diozu, baina herri batzuek elkartea uztea erabaki dute, ezta? Azkena Bermeo izan da.

Ofizialki ez dugu inolako jakinarazpenik jaso. Prentsaren bidez jakin dugu Bermeorena. Azken urteetan, herri batzuk atera dira, hala nola Munitibar, Mendexa… Batzuekin berba egin ondoren susmoa baieztatu dugu. Goitik etorri zaie Uema uzteko agindua. EAJri ez zaio interesatzen hark gobernaturiko herriak Ueman egotea. Batzuek esan digute jarraitu nahi dutela, baina ateratzeko agindua eman diete.

Zergatik hartu du EAJk jarrera hori?

Ez du kontrolatzen Uema, eta ahuldu nahi du. Zuzendaritza batzordean hamar ordezkari gaude. Hauteskundeen emaitzen arabera antolatzen dugu zuzendaritza. Hala ere, botoak gorabehera, alderdi bakoitzak gutxienez ordezkari bat izan dezan ahalegintzen gara. Horren arabera, ezker abertzaleak lau ordezkari ditu, EAJk hiru, eta Aralarrek, EAk eta independenteek bana dute. Guztiek hartu dituzte karguak, EAJkoek izan ezik. Ondorioz, zazpi kideko zuzendaritzarekin ari gara lanean gaur egun. Adostasun handia dago. Euskararen aldeko proiektuak baino ez ditugu onartzen. Ez dago mamurik, batzuek horiek ikusten dituzten arren.

Nola arrazoitzen dute herri horiek Uema utzi izana?

Herri horietan euskara zerbitzuak badituztela diote, herriak berez direla euskaldunak. Baina ez da nahikoa. Euskaldunak izanagatik ere euskararen aldeko lanik egin ezean erdalduntzeko joera nagusitzen delako azkenean. Krisi ekonomikoa ere jartzen dute aitzakia modura.

Zergatik da garrantzitsua Ueman egotea? Zer eskaintzen die herriei?

Egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko tresnak ematea eta bermatzea da gure eginkizuna. Kontseiluak egin dituen neurketetan argi geratzen da: Uemako herriak dira euskararen erabileraren eta eskubideen aldetik gorengo postuetan daudenak. Ez da kasualitatea; egindako lan baten ondorio da. Ueman sartzean, herriko arduradun politikoei esaten diegu euskara hutsean jarduteko kontzientzia izan behar dutela. Hau da, ezin dutela sinetsi elebitasunean, zeren ez Bilbon ez Madrilen ez Pekinen ez da existitzen elebitasunean jarduten duen administraziorik. Ele bakarra nagusitzen da. Hizkuntza batean jarduten da, eta bestea azpitik geratzen da.

Legea ere oztopo dela salatu duzue.

Udalerri euskaldunak babestuko dituen legea eskatzen dugu. Lege guztiek elebitasuna aintzat hartzen dute, Euskararen Legeak berak ere. Eta horrek traba besterik ez du egiten gure eguneroko jardunean. Euskara hutsean jardutea eta bizitzea eragozten digute gaur egungo legeek.

Etorkinekin lanean hasi zarete ere.

Zestoan, Bergaran eta Berriatuan etorkinekin lanean hasi gara, Topagunearekin batera. Herriko jendearen eta etorkinen artean taldeak osatu ditugu. Helburua euskaraz ikastea baino gehiago, haien arteko harremanak sustatzea da. Etorkinak herrian euskararen bitartez integratzeko lanean gabiltza. Euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko, nolabait.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)