Integrazioaren eredu

Matthew Booth da Hegoafrikako jokalari zuri bakarra. Zaleek dioten miresmenak erakusten du amaitu direla arrazari buruzko aurreiritziak

Berria, , 11-06-2010

Zaila da Matthew Booth oharkabean pasatzea bere selekzioarekin jokatzen duenean, hau da Hegoafrikarekin. Ez da harritzekoa. Batetik, erraza da begiztatzen: garaia da oso (1,98 metro da luze). Bestetik, taldeko jokalari zuri bakarra izan ohi da Munduko Kopan bakarra da. Ez da Hegoafrikaren elastikoa jantzi duen lehen jokalari zuria Eric Tinkler erdilaria eta Hans Vonk eta Andre Arendse atezainak ere aritu izan dira, besteak beste, baina bai gehien maite dutena. Zuri bat da Hegoafrikan beltzak nagusi diren kirolean. Berdin dio. Haietako bat da.

Nkosi Sikelele kanta da Hegoafrikako ereserkia. 1994tik da ereserki, Nelson Mandelaren eskutik herrialdeak demokrazia berreskuratu zuenetik, hain zuzen ere. Hegoafrikako beltzek aurretik ere abesten zuten, apartheid-aren aurka protesta egiteko. Horregatik, herrialdearen ereserki bilakatu zenean, zurien mespretxua jaso zuen. Urteak pasatu dira ordutik, eta ereserkia erabat barneratuta dago biztanleen artean. Salbuespenak badaude, zurien artean, noski. Ez da Boothen kasua. Hark argi du: berea du ereserkia, eta ozen kantatzen du taldekideekin besarkatuta partida guztietan. Horregatik ere bada beltzen kutuna, Mandelak aldarrikatutako integrazioaren eredu baita. Integrazio hori, gainera, arlo pertsonalera ere zabaltzen da Boothen kasuan. Izan ere, beltz batekin dago ezkonduta 2006tik, bi seme dituzte, eta haien izenak izen britainiarraren eta hegoafrikarraren arteko nahasketa bat dira. Integrazioa guztiaren gainetik.

«Ez naiz sinbolo bat»

Boothek, baina, ez du heroitzat bere burua. «Ez naiz integrazioaren sinbolo bat. Dirua da integrazioaren sinbolo bakarra. Hegoafrikan oraindik badago alde handia botere ekonomikoari dagokionez. Diruak bakarrik alda dezake hori. Kirolari batek ezin du sinbolo bat izan, ezta integrazioari lagundu ere».

Hori politikarien lana da. Boothena, berriz, bere taldeak golik ez jasotzea da. Hamasei urte daramatza zeregin horretan. Futbolean hasi baino lehen, baina, errugbian eta cricketean aritu zen, Hegoafrikan zuriak nagusi diren kiroletan. Baina berak futbolean jokatu nahi zuen. 17 urterekin bete zuen bere nahia: maila nagusian aritzea, Lurmutur Hiriko Ajax taldean. Han, lau urtez jokatu zuen, Mamelodi Sundownsekin sinatu zuen arte. Beste lau urtez aritu zen han. Tartean, Wimbledon Ingalaterrako taldearekin egin zuen proba bat. Ez zen ondo atera, eta Hegoafrikara itzuli zen. Ordurako selekzio nagusiko kide zen, eta zaleen jokalari kutunetako bat. Harreman horrek 2000ko Sydneyko Olinpiar Jokoetan du abiapuntua. Hegoafrikak lehen aldiz irabazi zion Brasili, eta Boothek neurketa bikaina jokatu zuen.

Etxean ospea lortuta, Europan berriz saiatzea erabaki zuen; ordukoan, Errusian. Bigarrengoan bai atera zitzaion ondo apustua, eta bi urterako kontratua sinatu zuen Rostovekin. Esperientzia gogorra izan behar zuena abentura aberasgarria bilakatu zen. Horren erakusle, Errusian zazpi urte egin izana; aurreneko biak, Rostoven; eta beste bostak, Krilian. Baina etxera itzultzeko ordua zen, Mamelodi Sundownsera berriz. Konfederazioen Kopa ate joka zegoen, eta Munduko Kopa gero eta gertuago. Eta Boothek Hegoafrikan prestatu nahi zituen biak, etxekoen babesean.

Konfederazioen Kopan arreta bereganatu zuen Boothek, baina ez nahiko zukeen bezala. Hegoafrikatik kanpoko kazetariek salatu egin zuten Boothek baloia ukitzen zuenean zale beltzek burla egiten ziotela, zuria zelako. Ez zen egia. Boothek berak azaldu zien kazetariei jarraitzaileek haren izena oihukatzen zutela. Ez ziren burlak. Aitzitik, animo oihuak ziren. Booth haietako bat baita.

Nortasun agiria

Izena. Matthew Paul Booth.

Jaioterria. Fish Hoek (Hegoafrika).

Jaioteguna. 1977ko martxoak 14.

Garaiera. 1,98 metro.

Pisua. 95 kilo.

Postua. Erdiko atzelaria.

Ibilbidea. Ajax Lurmutur Hiria (1994-1998), Mamelodi Sundowns (1998-2001), Wimbledon (2001), Mamelodi Sundowns (2001-2002), Rostov (2002-2004), Krilia Sovetov Samara (2004-2009) eta Mamelodi Sundowns (2009tik).

Garaipen zerrenda. Bi aldiz irabazi du Hegoafrikako Liga, eta behin COSAFA Kopa.

Partidak selekzioarekin. 29 partida. Gol bat sartu du.

Hegoafrikak eta Mexikok jokatuko dute gaur estreinako partida

J. E.

Amaitu da atzera kontua. Gaur 16:00etan hasiko da lehia Hegoafrikako Munduko Kopan. Etxeko taldeak eta Mexikok jokatuko dute estreinako partida, Johannesburgoko Soccer City estadioan. Bi selekziok urruti iritsi nahi dute, eta, horretarako, ezer baino lehen, lehen ligaxka gainditu behar dute. Hegoafrikarrek zein mexikarrek aukera ona dute horretarako, multzoko beste bi selekzioek, Frantziak eta Uruguaik ez baitute beldur handirik eragiten.

Hegoafrikak garaipen bat oparitu nahi die etxekoei. Azken urteetan dena prest izateko egin duten lana eskertzeko modu bikaina litzateke. Beste horrenbeste egin nahi du Mexikok. Javier Aguirrek zuzendutako selekzioak, gainera, maldizio bat gainditu nahi du. Izan ere, gaurkoarekin bost aldiz jokatu du Munduko Kopa bateko estreinako partida. Estatistikak ezin txarragoak dira: beti galdu du. Aldiz, Hegoafrikaren aurka jokatu duen hiru neurketetatik bi irabazi ditu. Bestea galdu egin zuen; azkenekoa, hain zuzen ere, 2005etako AEBetako CONCACAFen Urrezko Kopan. 2-1 nagusitu ziren hegoafrikarrak. Gaur beste horrenbeste eginez gero, lehen festa lehertuko litzateke Hegoafrikan. Dena dago prest baloia batetik bestera has dadin. Iritsi da ordua. Lehia hastear da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)