Etxeko langileen eta etorkinen babes ezarekin lotu dute Barakaldoko bahiketa

Zortzi hilabetez eraso sexual, fisiko eta psikologikoak jasan ditu atxikita eduki duten emakume batek

Berria, Maite Asensio. Bilbo , 11-06-2010

Zortzi hilabetean emakume bat bere borondatearen aurka atxikitzea, bortxatzea, jotzea eta iraintzea egotzita, 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen asteartean Ertzaintzak Barakaldon (Bizkaia). Gizonaren 59 urteko lagun bat eta seme adingabea ere atzeman zituzten, egoeraren jakitun izan eta horren berri eman ez zutelakoan. Barakaldoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak irmoki gaitzetsi dute gertatutakoa; herri akusazio gisara aurkezteko asmoa ere iragarri du udalak. Biktima Berdintasun Sailaren zaintzapean geratu da, eta udaleko iturriek adierazi dutenez, onik da. Hainbat mugimenduk, jazoera, etorkinen eta etxeko langileen babes faltarekin lotu dute, arduratuta.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, andrea Afrika iparraldeko herrialde batekoa da jatorriz. Orain zortzi hilabete Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi zenean, hango agentzia baten bidez etxeko lanak egiteko kontratatu zuen ustezko erasotzaileak. Barakaldora heldutakoan, ordea, gizonak etxean bahitu zuen, eta zortzi hilabeteotan ez dio soldatarik ordaindu. Halaber, sexu harremanak izatera behartu du; bortxaketez gain, kolpeak, irainak eta bestelako erasoak jasan ditu. Hamar kilo galdu ditu biktimak.

Ustezko erasotzaileak etxetik alde egiten zuenean, giltzapetuta uzten zuen emakumea. Ertzaintzak azaldu duenez, astean behin edo bi astean behin baino ez zion etxetik ateratzen uzten. Biktima, dena den, ez zen inoiz bakarrik irteten: ustezko bahitzaileak lagundu ohi zuen, eta, bestela, haren gertukoren batek; hori dela-eta atxilotu ditu Ertzaintzak haren semea eta lagun bat ere.

Hain justu, kalera atera ahal izan zuen eguna baliatu zuen emakumeak bere egoera salatzeko. Ustezko bahitzaileari legez kanpoko atxikitze eta sexu abusu delituak leporatu dizkiote, besteak beste. Beste biei delituok gauzatzen laguntzea egotzi diete.

Biktima osasun zentro batera eraman zuten, azterketa medikoa egin ziezaioten. Ondoren, Barakaldoko Udaleko Berdintasun Sailaren babesean geratu zen, eta Ertzaintzarekiko protokoloa aplikatuta, «leku seguru batera» eraman zuten. Udalak adierazi du «egoerari aurre egiteko laguntza psikologiko eta sozial guztia» emango diola andreari.

Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholkularitza etxeak eta Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur 19:30ean, herriko Bide Onera plazan. Argitan-en arabera, andreen aurkako indarkeria bikoitza ikusten da kasu honetan: «Sexuala, emakume izateagatik, eta ekonomikoa, baliabiderik ez edukitzeagatik».

Elkarretaratzearekin bat

Euskal Herriko Bilgune Feministak elkarretaratzean parte hartzera deitu du; izan ere, «oso larritzat» jo du erasoa. Bilguneko Izaskun Guarrotxenak ere andreen prekarietateari buruzko gogoeta egiteko eskatu du: «Pobreziak etxeko lanen esparrura bultzatzen ditu emakume asko. Kontuan izan behar dugu nolako baldintzak ezartzen dizkien etxeko lanen arloa arautzen duen erregimen bereziak, ez dituelako langile gisara tratatzen. Babesik gabe daude emakume horiek, are gehiago etorkinak badira». Hartara, indarkeria sexista desagerrarazteko «jendartea eraldatu» behar dela berretsi du, eta horren barruan, «emakumeen bizi baldintzak hobetzea» nabarmendu du: «Enplegu duina edukitzeko eskubidea dugu».

SOS Arrazakeriako June Fernandez Atzerritartasun Legeaz ere mintzatu da. Haren ustez, araudiak babesik gabe uzten ditu etorkinak, aski egoera larriei aurre egiten: «Ezin dituzte horrelako eraso eta abusu egoerak salatu, eta ihes egitekotan ere, haien mugikortasuna mugatzen du, are gehiago paperik ez dutenei». Lege horrek, gainera, bestelako eragina du gizonengan eta andreengan, Fernandezen esanetan: «Lan egiteko aukerak mugatzen dizkie emakumeei, generoak baldintzatutako lan esparruetara, batere araudirik eta eskubiderik gabeko sektoreetara».

Etxeko lanen arloan dagoen ikusezintasuna ere gaitzetsi du Fernandezek: «Etxe barruan egiten dute lan, eta bertan gertatutakoa ez da ikusten». Alde horretatik, gogora ekarri du azterlan batzuen arabera, etxeko lanetan diharduten emakumeen erdiek sexu abusuren bat jasan dutela. Egoera horietan «diskurtso arrazistak» eragin handia duela dio: «Abusuak egiten dituzten gizonek, barneratzen dute andre etorkinak mendekoagoak direla».

Emakumeen aurkako indarkeria egotzita, beste lau gizon atxilotu dituzte Gipuzkoan

Lau gizonezko atxilotu dituzte azken egunotan Gipuzkoan, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotuta. Herenegun, 37 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Eibarren, emaztea jotzea egotzita. Atxilotua lehendik atxilotu izan zuten familia barruko tratu txarrak egotzita. Zenbait hilabetez bereizita egon ondoren, elkarrekin bizitzera itzulitakoa zen bikotea berriki; asteartean eta asteazkenean kolpeak jasan eta gero, salaketa jarri zuen andreak. Herenegun ere, gizon bat atzeman zuten Irunen, bikotekideari erasotzea eta mehatxatzea egotzita.

Herri berean 23 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak igandean, bikotekide ohia jo zuelakoan. Bestalde, 30 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostiako Udaltzaingoak asteartean, ustez emakumezko bizilagun bati sexu abusua egiten saiatzeagatik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)