Afrikan gaude

Futbola eta gehiago

Berria, Jose Mari Amorrortu, 10-06-2010

Azken urteotan dezentetan egon naiz Afrikan, Senegalen batik bat, eta han zer-nolako futbol giroa dagoen probatu ahal izan dut. Hondartza amaiezin horiek, non umeek futbolean jolasten duten eskolatik atera ondoren; lana bukatuta jokatzeko biltzen diren lagun taldeak… Eta horrelakoak Afrikako herrialde gehienetan errepikatzen dira.

Gustatuko litzaidake pentsatzea arrazoi horiengatik jokatuko dela Munduko Kopa Afrikan, baina beldur naiz ez ote dituen FIFAk bestelako motiboak eduki herrialde hori aukeratzeko orduan: alegia, beraien marka ezartzeko beste kontinente bat topatu nahi izan dutela.

Baina herrialdean bil dezagun gure arreta. Ortzadarrarena deitzen diote, arraza eta kultura aniztasun handia daukalako, eta gizartean tamaina berekoak baitira desberdintasunak. Apartheid-ak eragin zuen hori guztia, eta nazioartetik bakartuta bizi izan zen 1990 arte. Gero prozesu bat abiatu zen, aurreneko hauteskunde demokratikoak egin, eta Nelson Mandela atera zen presidente. Pertsonaia errepikaezina da Mandela.

Hegofrikan ilusioz daude. Munduari erakutsi nahi diote ekitaldi handi bat antolatzeko gai direla, eta beltzen eta zurien arteko integrazioa benetakoa dela. Futbol selekzioa, Bafana-Bafanena da horren isla garbia. Nork imajinatuko zukeen orain 20 urte? Iritsi da momentua; hastera doa. Zirraragarria.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)