Etorkin bati eraso egitea egotzi diete Iruñeko hainbat udaltzaini

Udaltzainek etorkin bat nola «jipoitzen» duten erakusten duen bideo bat zabaldu du Nafarroako SOS Arrazakeriak

Berria, Naiara Elola. Iruñea , 10-06-2010

Iruñeko zenbait udaltzainek irailean atxilo hartutako etorkin gazte bati egindako erasoa salatu du Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak. Udaltzainek gazteari egindako erasoaren bideoa zabaldu du elkarteak. Bertan, gazteari, eskuburdinak soinean dituela, bereziki bi udaltzainek zaplaztekoak eta ostikadak nola ematen dizkioten ikus daiteke. Leire Olza Nafarroako SOS Arrazakeriako kideak aitortu du bideoan ageri dena ez dela gertatzen diren eraso guztien artean kasurik larriena: «Larriena izan ez arren, gertakariak polizia etxeko kamerek grabatu izanak eta irudi horiek gure eskuetan izateak sinesgarritasuna ematen dio gaztearen bertsioari».

Erasoa iazko irailaren 12ko goizaldean gertatu zela jakinarazi du Olzak. Antza, gaztea Iruñeko Donibane auzoko taberna bateko kanpoaldean zegoela, udaltzain batek haren lagun bati dokumentazioa eskatu zion. Hor hasi zen dena, SOS Arrazakeriako kideen arabera: «Atxilotu egin zuten gaztea, eta udaltzainarengana hurbildu zen identifikazioaren zergatia galdetzeko asmoz, eta udaltzainak alde egiteko esan zion». Ondoren, gazteak, auto batean eseri, eta «zer-nolako polizia daukagun!» esan zuen, Olzaren arabera. Adierazpen horren ondoren hasi zen erasoa, SOS Arrazakeriaren aburuz.

Gazteak Udaltzaingoaren aurka jarritako salaketan adierazi zuenez, udaltzain batek bultzatu egin zuen, Poliziaz esandakoa entzun ondoren. Gero, etxe bateko sarreran lurrera bota eta eskuburdinak ipini zizkion, hanka buru gainean jartzen zion bitartean. Gazteak jakinarazi duenez, atxilotu ondotik, polizia etxera eramateko, udaltzainek beren auto barrura sartu, eta atea ixterakoan hanka bat harrapatu egin zioten.

Hala ere, SOS Arrazakeriak zabaldu dituen irudietan ez da lehen eraso hori jasotzen, polizia etxean egindakoa baizik. Bertan, ikus daiteke nola gaztea eskuburdinak dituela autotik atera eta aurpegia polizia etxeko atearen kontra kolpatzen dion udaltzain batek eta nola beste batek lepotik heltzen dion. Gainera, azken horrek erasoaren momentu batean hatz potoloa ere sartzen dio ezkerreko begian. Bi dira gazteari erasotzen dioten udaltzainak; beste lau so ageri dira bideoan.

Leire Olzaren arabera, Udaltzaingoak gaztea salatu egin du: «Agintaritzari atentatu egiteagatik». Ohartarazi duenez, halako gertakariak jazotzen direnean ez da batere ohikoa izaten etorkinek salaketa jartzea. Hala ere, gazte honek salaketa jarri zuen urriaren 8an. Gainera, medikuaren txostena du froga gisa, bertan eraso batek eragindako kolpeak dituela adierazten baita.

Ardura eske

SOS Arrazakeriak erakutsitako bideoaren berri izan ostean, gogor kritikatu dituzte ekintza horiek ELA sindikatuak, Ezker Abertzaleak, NaBaik, NEBek eta PSNk, eta ardurak eskatu dituzte. Hala, gaztearen aurkako erasoan parte hartzen duten udaltzainak zigortu egin behar direla adierazi dute. Horrez gain, NaBaik eta ezker abertzaleak Iruñeko Udalari Udaltzaingoaren buru Simon Santamaria, eta erasoan parte hartu zuten udaltzainak, kargutik kentzeko eskatu diote.

Iruñeko Udalak ordea, ukatu egin du SOS Arrazakeriaren bertsioa, eta deitoratu egin du bideoa publiko egin izana. Kasu horregatik barne espediente bat ireki zuela jakinarazi du, nahiz eta oraingoz berau itxita dagoen justiziaren adierazpenaren zain. Udalaren arabera, udaltzain bati eraso egiteagatik atxilotu zuten gaztea, «ez etorkina izateagatik».Gainera, aurretik Espainiako Poliziari antzeko eraso bat egin ziola esan du.

Puntuz puntu

GAZTEAREN SALAKETA

Atxilotzeko zioa. Joan den irailaren 12ko goizaldean gazte bati Udaltzaingoak dokumentazioa eskatu zion, eta haren lagunak horren zioa galdetu zuen. Ondoren, Poliziari kritika egin, eta atxilotu egin zuten.

Lehen erasoa. Atxilotzean jo egiten zuten, eta udaltzainen autoaren atearekin hanka bat harrapatzen zioten.

Bideoan jasotakoa. Gaztea polizia etxeko atarian nola jotzen duten ikus daiteke, baita udaltzain batek lepotik nola heltzen dion ere.

Salaketa. 2009ko urriaren 8ra arte, salaketa jarri zuten arte, erasoaren bideoa polizia etxean gordeta egon zen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)