Enrique Martinez Reguera. Hezitzailea Erakundeek gazte etorkinekin eta, oro har, gazteekin darabiltzaten hainbat prozedura patologikoak direla dio Enrique Marinez Reguera filosofo eta psikologo galiziarrak.Enrique Martinez Reguera. Hezitzailea Erakundeek gazte etorkinekin eta, oro har, gazteekin darabiltzaten hainbat prozedura patologikoak direla dio Enrique Marinez Reguera filosofo eta psikologo galiziarrak.

«Garai batean, delinkuentzia kostu bat zen; egun, negozio bilakatu da»

Berria, , 30-05-2010

Lierni Alkorta.
Donostia

Irakasletza, Filosofia eta Psikologia ikasketak izan arren, hezitzaile gisa definitzen du bere burua Enrique Martinez Reguerak (Coruña, Galizia, 1935). Izan ere, 40 urtetik gora daramatza Madrilen gizarteak «zailtzat» hartzen dituen gazteekin lanean eta gizartea gazteekin inplika dadin «gizarte sare bat sortzen». SOS Arrazakeriak gonbidatuta, Donostian izan berri da, Adingabe eta gazte atzerritarrak arrisku egoeran izenburupean eginiko topaketetan.

Gazte etorkinek nahi dutena egiten dute, eta legeak ez ditu zigortzen. Zer dauka egiatik baieztapen horrek?

Baieztapen horrek ez dauka ez hankarik ez bururik. Zentzugabea da hasieratik amaierara, baina jendearen ahotan existitzen da. Errealitatea eraldatzea da hori. Lehenik, etorkin gazteek edozer egingo dute, baina ez nahi dutelako. Etorkinen ekarpen guztiak positiboak dira. Baina, guztia ukatzen bazaie, piztia bihur ditzakegu. Bizitzaz beterik daude gazte horiek. Gizarteak hondatua egon behar du bizitzaren iturri hori sartzeari beldurra izateko.

Legeak beti zigortzen ditu ahulenak, hau da, gazte etorkinak. Zer dauka baieztapen horrek egiatik?

Legeak, printzipioz, delituak egiten dituztenak zigortu behar ditu. Baina egia da legeak denbora gehiegi eskaintzen diela gaizkile ahulenei, eta oso denbora gutxi boterea duten gaizkileei. Botereak ez du sekula boterea zigortzen. Zentzu horretan, nabarmena da zein zigor jartzen diren batzuetan, nori eta zergatik. Automatikoki funtzionatzen dute, bihozgabeki. Beraz, bai, baliteke ahulenekiko zigor bereziak egotea.

Gazteen delinkuentzia eta immigrazioa. Binomio batez ari gara hitz egiten?

Ez, komunean ezer ez duten bi gauzari buruz ari gara hitz egiten. Antitetikoak, urrunekoak eta ezberdinak dira. Hazkuntza eta bizitzarako prestakuntza negargarriak, etorkizuneko itxaropen faltak eta izaera juridiko-penalik ez duten gaien formalizazio juridiko-penalak ahalbidetzen dute gazteak gaizkile bihur daitezen. Oro har, hemengoak diren gaizkile gazteek hazkuntza txarra izan dute. Etorkinak, aldiz, bizitzaz beterik datoz, eta hazkuntza onarekin. Bilatzen dutenaren oso ikuspegi argia dakarte. Gero, nora ezean ibiltzen direla, bizioak hartzen dituztela edo suntsitu egiten direla ahotik ogia ukatzen zaielako? Bai. Baina batzuk bakarrik ibiltzen dira nora ezean, gehienek oso argi baitute zertara etorri ziren eta zer nahi duten. Beste gauza bat da hemen ukatzea. Identitate juridikoa eta dena ukatzen zaie.

Etorkinak gaizkile bihurtzen diren kasu gutxi horietan, zein dira kausak?

Bi kausa nagusi, lehena %75ean eta bigarrena %25ean. Lehena, oinarrizko beharrak ukatzen zaizkiela. Jatea ez da eskubide bat, premia bat da. Neguan aterpe bat izatea ez da eskubide bat, askoz gehiago da. Eskubideak saihets daitezkeenak dira, eta premiak ez. Beraz, gizaki bati iraupena ukatzen diozunean ahal duen lekuan bilatu behar du. Beraz, gazte bati oinarrizko beharrak ukatzen dizkiozunean, piztia bihurtzera derrigortzen duzu. Kausa jartzen dutenak dira arduradunak.

Bigarren arrazoia da gure gizartean patologia sozial asko dagoela. Oraindik drogak zer diren ere ez dakiten herrialdeetatik datozen gazteak dira hainbat, eta esaten diete: «Honetan aritzen bazara biziraupena bermatuko duzue». Hori gazteak ustelkeriara bultzatzea da, modu argian. Hortik gazte askok burua galtzen dute, baina ez beraiengan hori dagoelako, indarrez inposatzen zaielako baizik.

Eta zein da talde txiki horrentzat irtenbidea?

Erreformatzaile eta antzerakoen makinaria guztia ahaztarazten diezunean lortzen da zaintza. Testuingurua soilik aldatuta, gazte horiek etorkizuneko aukerak edukiko dituzten tailer pizgarrietan sartuta, eta gizarte abegikor batean txertatuta, gehien-gehienak, %90 inguru, unean bertan aldatzen dira. Ez dugu inolako esfortzurik egin behar, benetan nahi dutena delako. Kriminalizatzeko joera dago, ordea. Garai batean, delinkuentzia galdutako kostua zen. Egun, negozio ikaragarri bilakatu da.

Gaizkile bakarrak ez dira, ordea, etorkinak.

Etorkinak ia inoiz ez, salbuespenetan soilik. Ez da gazte horiek horrelakoak direlako, baizik eta modu horretara formalizatzen ari direlako. Beste modu batera itxuratzen eta formalizatzen dituzunean, ordea, gaizkile ezaugarri guztiak galtzen dituzte. Formalizazioak bultzatzen ditu modu horretara aritzera.

Birgizarteratzea existitzen al da benetan?

Birgizarteratzea, hainbatetan, bere kasa gertatzen da. Beste egoera batzuetan ia ezinezkoa da, prozedurak berak birgizarteratzea galarazten duelako. Adibidez: 7-10 urterekin administrazioaren zaintzarako erakunde batean sartzen da haur bat, eta bertan hazten da. 18 urte betetzen dituenean kalean uzten dute, hazkuntzarik, prestakuntzarik eta paperik gabe. Baina hurrengo egunean jan egin behar du, eta janaria emango dion inor hurbildu ezean, derrigor lapurtzera behartuta dago. Erakundeek ohikotzat darabiltzaten hainbat prozedura patologikoak dira, gure seme-alabekin erabiliko ez genituzkeenak.

Beraz, ez duzu askorik partekatzen administrazioen aritzeko modua.

Muineko hutsak daude, eta inor ez da ari horiek aintzat hartzen. Gure seme-alabei ematen dieguna eman behar zaie: humanizazio eta pertsonalizazio prozesua. Hazkuntza prozesua. Eta hori zentro horietan ez da egiten. Kuartelak bezalakoak dira. Ezin da absolutizatu, zentro horietan ere oso pertsona den jendea egon daiteke, eta haurrek pertsona horiengandik laguntza asko jaso. Oinarrizko prozedura ez da planteatu: hazkuntza, prestakuntza eta aukerak etorkizunerako. Gazte horiek norabiderik gabe eta baliabiderik gabe ateratzen dira, eta justiziak betebeharrak exijitzen dizkio segituan eskubideak eta beharrak ase ez zitzaizkionari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)