Australiak aitortu du ehun etorkin desagertu zirela ontzi batean duela zazpi hilabete
Indonesiatik irten eta Christmas irletara bidean zihoala itsasoak hondoa jo zuela uste dute agintariek
Berria, , 26-05-2010Ainara Rodriguez.
Australiak baieztatu du ehun bat paperik gabeko zeramatzan itsasontzi bat desagertu egin zela duela zazpi hilabete euren uretan, eta artean ez dutela haren berririk izan. Aduana eta Mugen Babeserako zuzendari Michael Carmodyk jakinarazi duenez, ontziak joan den urriaren 2an hartu zuen Indonesiatik Australiarako bidea. Egun horretan bertan Aduanako eta Mugen Babeserako Zentroko telefonogunera hots egin zuten ontzitik, laguntza eske. Australiak, aldi berean, Indonesiako kostazainei pasatu zien sorospen abisua, baina haiek ez zuten itsasontzirik bistaratzea lortu, eta, bertan behera utzi zuten bilatze operazioa. Australiak ikerketa zabaldu zuen orduan, eta ontziak Christmas irletarako bidea hartua zuela baieztatu zuten immigranteen presondegia dago bertan. Itsasontziak, ordea, ez zuen helmugara iristea lortu.
Carmodyk azaldu duenez, bi hipotesirekin dihardute lanean uneotan; «Posible da itzulerako bidea hartzea, baina ia ziurra da barkuak bertan hondoa jo izana», erantzun du paperik gabekoak bizirik egotearen aukeraren inguruan galdetuta.
Senideak, bien bitartean, urduritzen hasiak dira; Mohamad Haidarik jakinarazi duenez, bere anaia Habibik 12.000 euro ordaindu zizkion pertsonekin trafikatzen duen sare bati, Australiara eraman zezaten. Paperik gabekoak helmugara iritsi zirela jakinarazi zieten haiek; baina ez zen diruaren azken ordainketa jasotzeko sarekoek egindako trikimailu bat besterik izan. «Hamar edo hamabi egunetan zerbait jakingo genuela esan ziguten, baina oraindik ez dugu haien berririk izan».
Babes eskaerei uko
Aurrekaririk gabeko auzi baten aitzinean direla onartu du Australiak; hara immigratzeko asmoa dutenen eta iristea lortzen dutenen artean aldea egon ohi dela diote, baina inoiz ere ez tamaina horretakoa.
Afganistandik eta Zeelanda Berritik iristen dira, batez ere, paperik gabekoak Australiako itsasertzera. Indonesiara bidaiatzen dute lehenik, ondoren barkuz egun luzeetako bidaiari ekiteko. Dirutza gastatzen dute amets hori betetzeko, baina asko eta asko bidean geratzen dira.
Iaz, hain zuzen, Australiako kostara iristen ziren etorkin kopuru andana kontrolatze aldera, epe batez babes eskaerak ez onartzea erabakia zuen Gobernuak; baina, etorkin uholdeak ez du etenik izan, eta Gobernuaren datuen arabera, 1.800 paperik gabeko inguru iritsi dira Australiako kostara aurtengo lehen hiruhilekoan. Murrizketek ekainaren 30ean amaitu beharko lukete, baina Gobernuak esana du Australiako lan merkatuaren inguruko azterketa egingo duela, erabakia hartzeko.
(Puede haber caducado)