Arizonako etorkinen legeak diskriminazioa eragin dezakeela uste du Obamak
AEBetan bisita ofiziala egiten ari da Calderon, eta salatu du legeak «kriminalizatu» egiten dituela etorkinak
Berria, , 20-05-2010Erredakzioa.
Arizonan (AEB) onartutako immigrazio legeak hartu du erabat Mexikoko presidente Felipe Calderon AEB Ameriketako Estatu Batuetara egiten ari den bisita ofiziala. Heldu berritan egindako adierazpenetan, bi herrialdeetako presidenteak legearen aurka agertu dira. AEBetakoak, Barack Obamak, ohartarazi du lege horrek diskriminazioa eragin dezakeela etorkinenganako; Mexikokoak, Calderonek, legeak dakarren «kriminalizazioa» salatu du.
Estatu ohoreekin hartu zuten atzo Calderon Etxe Zurian, Washingtonen. Arizonan paperik gabeko etorkinak kontrolatzeko onartutako legeaz azalpen eske joana zen Mexikoko presidentea AEBetara, eta ia bi orduko bileran hori izan zuten hizpide nagusi. Legeak delitugiletzat jotzen ditu paperik gabekoak, eta Poliziari eskumena ematen dio haiek atxilotzeko, susmoak soilik izanda ere. Legea erabat bidegabea dela ohartarazi zion Calderonek Obamari, mexikarren aurkakoa delakoan. Elkarren mugan daude Arizona eta Mexiko, eta paperik gabeko etorkinek AEBetara sartzeko bide gisa erabiltzen dute.
AEBetako presidenteak, Barack Obamak, onartu du lege desegokia dela. «Gure immigrazio sistemak huts egin duela adierazten duen adibidea da, bide txarrean doana». Hartara, onartu du Arizonako legeak bidegabekeriak eragin diezazkiekeela etorkinei. «Arizonako legeak arriskua du era diskriminatzailean aplikatzeko, legez kanpoko etorkina dirudien edonor jazar edo atxilotu baitezakete».
Lege aldaketa orokorra
Arizonako legea onartuta, gainerako estatuetan gisa horretakoak egitea galarazi nahi du orain Obamak. Hartara, AEBetako estatu guztiei eragingo dien immigrazio lege orokorra egin nahi du, etorkinak «era ordenatuan eta seguruan» sar daitezen herrialdean. «Horrelako zerbait eginda, Arizonakoaren gisako neurriak saihestuko ditugu», adierazi du Obamak. Legea onartzeko, ordea, babes bila hasi beharko du orain AEBetako presidenteak, baita errepublikanoen artean ere.
(Puede haber caducado)