Arizonako paperik gabekoen legearen aurka salaketak jartzen hasi dira gaitzesleak

Etorkinak legeztatzeko proposamena aurkeztu dute demokratek, immigrazio erreforma bizkortu nahian

Berria, , 01-05-2010

Ainara Rodriguez.

Lau haizetara zabaldu dira AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta kontinenteko hainbat herrialdetan Arizonak joan den ostiralean onartu zuen immigrazio legearen aurkako protestak. Legea arrazistatzat eta diskriminatzailetzat jo dute, baina horretan geratu dira gehienak, akusazio hutsetan.

Atzo, ordea, hitzetatik ekintzetara pasatu, eta legearen aurkako lehen helegitea aurkeztu zuen Elizgizon eta Kristau Buru Hispaniarren Koalizio Nazionalak. Badirudi, gainera, salaketen bidea nork irekiko miran zirela gainerakoak, haren atzetik azaldu baitute asmoa helegitea aurkezteko MALDEF Hezkuntza eta Defentsa Legalerako Mexikoko Funtsak, ACLU Askatasun Zibilen Ameriketako Batasunak eta NILC Immigrazio Legeen Zentro Nazionalak. AEE Ameriketako Estatuen erakundeak ere egin du salaketa publikoa. Halaber, posible da AEBetako Fiskaltza ere gehitzea zerrendara, Eric Holder fiskal nagusiak legearen bideragarritasuna aztertzen ari dela esana baitu. Izan ere, hainbat analistak ohartarazitakoaren arabera, baliteke Jane Brewer Arizonako gobernuburuak sustatutako legea Konstituzioaren aurkakoa izatea; Chris Edelson Washingtongo Unibertsitateko irakasleak gogorarazi duenez, laugarren zuzenketan «apetazko antzemate eta miaketak» debekatzen dira, eta beharrezkotzat jotzen du epailearen agindua pertsona bat atxilotzeko. Konstituzioak jasotzen dituen xedapenek, beraz, talka egiten dute Brewerrek proposatutakoarekin, Poliziari bide ematen baitio susmo hutsez pertsonak atxilotzeari.

Immigrazio Legearen antitesia

Arizonan azken egunetan piztu diren txinpartek aspaldian kutxan gordetako eztabaidak berriz piztu dira AEBetan. Barack Obama presidenteak etorkinen botoa eskuratzeko ahalegin berezia egin zuen hauteskunde kanpainan, eta bertan agindu zuen Immigrazio Legea erreformatzeko asmoa.

Bada, Arizonako iskanbilek agindutako hura azkartzeko balio izan die demokratei, eta ika-mikak zabaltzea itxaron gabe The Houston Chronicle -ren arabera, Texasen tankerako legea egin asmo dute, Immigrazio Legea izan daitekeenaren proposamena aurkeztu zuten herenegun Senatuan. Hala, AEBetan paperik gabe diren hamar milioi pertsona legeztatzearekin batera, mugetan segurtasun neurriak handitzea iradoki dute. Proposamen ausarta inondik inora, onartzeko beharrezko dituzten 60 botoak ziurtatua ez dituztela aintzat hartuta.

Kalean, baina, gero eta gehiago dira legearen gaitzesle direnak; Arizonaren aurkako boikot deialdia indartsuagoa egiten den neurrian, herritarrei legeaz galdekatzeko hainbatek egindako proposamenak hauspo gehiago hartzen du. Artean, baina, protestek bere horretan jarraitzen dute; gaur 70 estatutan protestak egin asmo dituzte. Arizonako errepublikanoek, ordea, lasai plantak egiten dituzte; Russell Pearce legearen bultzatzailea zorrotza da: «Ez dute lortuko aldatzea ».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)