Darwin eta gu
'Forza Inter'!
Berria, , 01-05-2010Telebistako azken irudietako bat izan da, Bartzelona-Inter futbol partida amaitzean. Emakumea eta ume txikia harmailetan, Interreko kamiseta soinean, pozarren saltoka jarraitzaile katalanen artean. Amak telefono mugikorra du esku batean, eta semea bestean. Unicefek galdu du, baina umeari berdin dio; Unicef zer den ere ez daki. Hark Pirellik irabaztea nahi zuen.
Haien aurpegien ezaugarri fisikoak hegoamerikarrak dira, eta ez jatorri europarreko hegoamerikarrenak. Pasaportez italiarrak izan litezke, Hegoamerikatik Italiara joandakoen ondorengoak. Baina baliteke Bartzelonan bizi diren etorkin hegoamerikarrak izatea ere. Lehen kasua integrazioaren eredua izango litzateke; bigarrena, integrazio ezarena.
Izan ere, ama-semeak italiarrak balira, haien zaletasuna Milango gizartean itxuraz integratu diren seinale litzateke. Itxuraz, benetako integrazioa zentzu orekatuan, erabateko asimilazioa gabe ez baita erraz lortzen. Horrek esan nahiko luke jatorri hegoamerikarra duten bi herritarrek bat egin dutela euren hiriaren sinbolo batekin. Bestelako egoera izango litzateke biak Katalunian biziko balira: Interreko kamiseta jantzi eta Nou Campera joan dira partida ikustera, hartu dituen herriaren sinbolo handienetako bat eroriko den esperantzan. Ez litzateke harrigarria izango. Gurean, Real Madrilek edo Bartzelonak euskal taldeen kontra jokatzen dutenean, haien kamiseta janzten duten guztiak ez dira autobus batean heldu partida bezperan. Duela urte asko etorri ziren. Edo ez ziren etorri ere egin. Hemengoak ditugu.
Posible da, baina bitxia egiten zait emakume hegoamerikar bat eta seme txikia Italiatik Kataluniara joatea, biak bakarrik, Bartzelonako zaleen artean eseri eta partida ikusteko. Hala ere, aukeran hipotesi hori nahiago dut. Bigarrena kezkagarria litzateke, bi pertsona horiek ez baitute Bartzelonaren betiko aurkari baten alde egin, Real Madrilen alde esaterako. Ez da ohikoa Katalunian bizi den emakume hegoamerikar bat edo katalana Interren aldekoa izatea. Logiko baina mingarriagoa da pentsatzea emakume horrek nahita jantzi duela kamiseta, euren harrera herriaren kontra egin nahi duelako. Inter egokitu zaio, baina edozein talde aukeratuko zuen katalanen kontra baliatzeko. Agian, duela hilabete Arsenalen kamiseta erosi eta hura jantzita joan zen Nou Campera, baina orduan ez zuen asmatu. Orain, ordea, bai. Interrek mendekatu du. Zer hausnartua eman beharko luke horrek, Katalunian eta hemen. Beharbada hemengo etorkinak ez ziren San Mamesera joango Anderlechteko kamiseta jantzita, baina egongo zen gurean bizi arren Bruselako taldearen alde egingo zuenik. Zergatik?
Hegoafrikako Munduko Txapelketa bitartean Kamerun edo Hondurasko kamiseta jantzita kaleratuko direla entzun diet lagun batzuei, Espainiaren kontra agertzeko. Ez dira Espainiarekin identifikatzen. Espainiarrek pentsatu beharko lukete zer egin duten hemengo asko hala sentitzeko. Guk ere geure buruari galdetu beharko genioke zergatik hemen bizi den herritar batek gure aurkari naturala ez den taldearen kamiseta janzten duen; zer gertatu den hemengo batzuek hemengoak dira, azken batean, hemen geratuko direlako inoiz egongo ez diren eta seme-alabak jaiotzen inoiz ikusiko ez dituen urruneko hiri bateko futbol taldea gure taldeei nagusitzea nahi izateko. Hemengoak ez sentitzeko eta, gainera, gure zoritxarra desiratzeko.
(Puede haber caducado)