Mexikoko etorkinen eskubide urraketa deitoratu du Amnesty Internationalek
Txosten bat kaleratu du AIk etorkinen egoeraz, AEBetan immigrazioaren gaia puri-purian dagoenean
Berria, , 29-04-2010Ainara Rodriguez.
«Mendian gora eraman ninduen militar batek, eskutik gogor helduta. Arropa kentzeko esan zidan, droga eramaten nuen edo ez egiaztatzeko; hark esaten zidana egiten banuen nire bidea jarraitu ahalko nuela esan zidan». Sendiari «behar bezalako» bizimodua ematea zuen amets Margaritak itxurazko izena; militar hark, baina, haren desira amesgaizto bilakatu zuen El Salvadortik Mexikora zihoan trenetik jaitsiarazi zuenean. Bide bazterrean bortxatu, eta etxerako bidean jarri zuten segidan, gainean zeramatzan ondasun guztiak lapurtuta. AI Amnesty Internationalek Biktima ikusezinak. Mexikoko migranteak mugimenduan txostenean jaso ahal izan duen testigantza bat besterik ez da Margaritarena, azalean bizi izan duena kontatzera ausartu den neskatoarena; haatik, jakin badakite bidean geratu direla beste milaka adibide.
Mexikon etengabe jazotzen diren gehiegikeriei aurre egiteko, agintariek erantzun sendo bat eman behar dutelakoan dago AI. Izugarri handitu da Mexikotik AEB Ameriketako Estatu Batuetara joaten diren paperik gabekoen aurkako jazarpena, eta, neurri eraginkorrik hartu ezean, abusuak betikotzeko arriskua dagoela ohartarazi du txostenean.
Mexikoren eta AEBen arteko muga abiapuntua da paperik gabekoen immigraziorako. Lana bilatzea beste helbururik ez dutela, amestutako bidea infernu bilakatzen da maiz eurentzat, ordea. Izan ere, delinkuentzia taldeen mehatxuei egin behar diete aurre. Bortxatuak, jazartuak… eta, kasurik okerrenean, erailak ere izaten dira ahalegin horretan.
Bien bitartean, ordea, Felipe Calderon presidentea giza eskubideen alde duen jarreraz trufatu izan da nazioartean, baina, AIren hitzetan, gobernuak ezer gutxi egin du etorkinen kontrako jazarpena saihesteko. Are gehiago, funtzionario publikoek askotan entzungor egin, edo haietan parte hartu izana arbuiatu du. Mexikoko Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak zabaldu duenez, 2009ko lehenengo sei hilean 10.000 paperik gabeko bahitu zituzten; erdiek aitortu zuten funtzionarioek parte hartu zutela bertan.
Mundu mailako krisi ekonomikoa areagotzen doan neurrian, helmugarik gabeko bideari ekiten diotenak ere gehiago direla nabarmendu du AIk. Gauzak horrela, hainbat gomendio eman ditu giza eskubideen «krisi egoerari» irtenbidea emateko, tartean, etorkinei justiziarako eskubidea eskuragarriago egiteko legea aldatzea. Gehiegikerien zerrenda osatzea ere proposatu du, errudunek dagokiena bete dezaten.
Arizona, zurrunbiloaren erdian
AEBetan immigrazioaren gaia puri-purian dagoenean iritsi da AIren txostena. Bozen kanpainan, Barack Obamak zin egin zuen immigrazio legea aldatuko zuela, eta joan den larunbatean Arizonan onartutako paperik gabekoen legeak soken aurka jarri du gobernua. Izan ere, Jane Brewer gobernuburuak sustatutako legeak delitu bilakatzen du paperik gabe han bizitzea, eta Poliziak nahikoa izango du aurrerantzean pertsona baten «susmoa hartua» egotea hura atxilotzeko.
Giza eskubideen aldeko erakundeek erabat arbuiatu dute neurria, arraza bereizkeria sor dezakeelako. Giza Eskubideen Amerikarteko Batzordeak, halaber, legea nazioarteko irizpideen aurkakoa izan daitekeela dio, eta neurriak eskatu dizkio Obamaren gobernuari hori saihesteko. Etxe Zuriko agintariak esan du legea ez dagoela «bide egokian bideratuta», eta Eric Holder fiskal nagusiak jakinarazi du bide guztiak aztertzen ari direla, «baita inpugnazioarena ere».
Brewerren legea, dena den, hasia da ezinikusiak sortzen; Mexikok AEBekin sinatzekoak zituen hainbat proiektu bertan behera utzi ditu. Felipe Calderon presidenteak dio legeak «gorrotoari» bide eman diezaiokeela eta ez dela horren inguruan axolagabe geratuko. Bide horretan, gaitzesleak bat etorri dira Arizonari boikot ekonomiko zein turistikoa egiteko, legea bertan behera uzteko presioa egiteko.
AEBak Mexikorekin bereizten dituen 3.139 kilometro luzeko mugan hesia eraikitzeari ekin zioten duela bi hamarkada, paperik gabekoen joan-etorria murrizteko. Helburua bidea ixtea izanik ere, bestelako eraginik izan du bost metroko garaierako harresiak. Mugaren kontrolerako estrategia martxan jarri zutenetik 5.000 lagun inguru hil dira.
(Puede haber caducado)