Dolores Juliano. Antropologoa eta feminista EHUko 'Feminismo eta genero ikerketak' masterrean parte hartzen ari da egunotan Dolores Juliano antropologoa. Prostituzioa eta emakume presoen errealitatea izaten ari da hizpide.

«Prostitutek maiz diote lanbide horretan daudela deliturik ez egiteko»

Berria, , 28-04-2010

Ainara Arratibel.
Donostia

Prostituzioa ez debekatzearen alde dago Dolores Juliano antropologo eta feminista (Necochea, Argentina, 1932). Legeztatzen bada, beste ezeren gainetik prostituten eskubideak hartu behar direla kontuan nabarmendu du. «Gainontzean, klubetako jabeei egiten zaie mesede».

Asko dira prostituzioaren inguruan erakundeek hartutako neurriak. Zer iruditzen zaizu Bilboko Udalaren kaleko prostituzioa arautzeko ordenantza?

Halako araudiek prostituten eskubideak urratzen dituzte. Baina ez dute balio egoera konpontzeko. Izan ere, prostituzio gehiena klubetan eta etxe partikularretan izaten da. Baina horien inguruan ez dute ezer esaten ordenantzek. Horrelako ordenantzek klubetako jabeen negozioarentzat baino ez dira lagungarriak. Egin nahi den bakarra prostituzioaren eta prostituten errealitatea ezkutatzea da.

Beraz, zer egin behar da?

Orain 30 urte prostituta gehienak bertakoak ziren; gaur egun, berriz, etorkinak. Azken batean, hemengo emakumeek prostituzioa ez den beste bide batzuk dituzte bizimodua aurrera ateratzako. Etorkinek, berriz, zailtasunak dituzte lan merkatuan sartzeko. Beraz, askok, behartuta, prostituziora jotzen dute. Prostituzioa lan bat da, baina gogorra eta desatsegina. Hori ikusirik, emakumeen lan baldintzak hobetu eta etorkinen gizarte integrazioa bultzatu behar da. Besteen artean etxeko langileen lan baldintzak hobetu behar dira. Izan ere, paperik gabeko emakume etorkin gehienek sektore horretara jotzen dute lan bila. Baldintzak hobetzen ez badira, emakume askok prostituziora jotzen jarraituko dute.

Baina prostituzioa legeztatu behar dela uste duzu?

Ni ez debekatzearen alde nago. Legeztatzen bada, ezeren gainetik prostituten eskubideak bermatu behar dira. Gainontzean, bermatzen den bakarra klubetako jabeen eskubideak dira, eta prostituten egoera ez da hobetzen. Prostituzioaren inguruan dagoen estigmatizazioa amaitu behar da, eta prostituten aukera askatasuna bermatu behar da. Klub batean lan egiten badute ere, aukera izan behar dute bezeroak aukeratzeko. Hori guztia lortzeko prostituten eskariak aintzat hartu behar dira.

Eta mafiekin zer egin behar da?

Mafietako kideak gaizkileak dira, eta gogor egin behar da haien aurka. Hori bai, ez dira erabili behar mafien aurka egiteko neurriak prostituten eskubideak murrizteko. Udal ordenantzek arrisku hori dute. Izan ere, prostituten eskubideak murrizteak, ahulago egiten ditu mafien aurrean.

Emakume presoekin ere lan asko egindakoa zara. Egun hauetako eskoletan lantzen ari zaren gaietako bat hori da. Nolakoa da horien errealitatea?

Kartzelek ez dute balio inor gizarteratzeko, eta emakumeen kasuan guztiz kontrako eragina dute. Gaia ikertzen hastean, konturatzen zara kontraesanez betetako errealitatea dela. Maiz esan eta onartu izan da kartzelak pobrez beteta daudela. Munduan dauden pobreen bi herena emakumeak dira. Baina emakumeek oso delitu gutxi egiten dituzte. Espainian, adibidez, presoen %8 baino ez dira emakumeak, eta Frantzian %3. Horrek ez du esan nahi emakumeak hobeak direnik, baizik eta bestelako bide eta estrategiak bilatzen dituztela pobrezia horri aurre egiteko: gehiago ikasten dute; gizonek baino errazago onartzen dituzte baldintza kaxkarretako lanak… Hor dago, adibidez, prostituzioaren adibidea. Prostitutek maiz diote lanbide horretan daudela deliturik ez egiteko. Hori dela eta, ez dute ulertzen zergatik zigortzen dituzten. Izan ere, prostituziora joz bilatzen dutena guztiz kontrakoa da.

Maiz esan izan da kartzela zigor bikoitza dela emakumearentzat

Hala da. Kartzelak ez daude prestatuta emakumeentzat. Gaur egun baldintzak hobeak dira, baina kartzelak berez dira txarrak eta gogorrak. Emakumeari benetan gogorra egiten zaiona, halere, kanpoan familia utzi behar izatea da. Baldintzei dagokienez, kontuan izan behar da askoz gutxiago direla emakumeentzako kartzelak. Beraz, normalean etxetik urrun betetzen dute zigorra. Horrek are gogorragoa egiten du urruntzea. Gainera, kartzela barruan eskaintzen zaizkien lanpostu eta tailerrak askoz kaxkarragoak dira. Funtzionarioek onartzen dute, gainera, preso dauden gizonezkoak emakumezkoak baino oldarkorragoak direla. Baina bakartze zigorrak berdinak dira. Diskriminazioa agerian uzten du horrek.

Errealitate hori ikusita, zer eskatzen diezu legegileei?

Kartzelatik ateratzean oso gutxi dira berriro delituak egiten dituzten emakumeak. Beraz, kartzela ez den bestelako zigorrak aztertzea eskatuko nieke: gizartearen aldeko lanak, zigorrak etxean betetzea… Argentinan, adibidez, haur txikiak dituzten emakumeek etxean betetzen dituzte zigorrak. Herrialde askotan, haur edo adinekoen ardura izateak aukera handia ematen du zigorra etxean betetzeko. Hemen, ordea, aukera hori ia ez da aztertu. Gainera, gizarte arriskurik ez dakartzaten delituen zigorrak gutxitu beharko lirateke. Horiek dira emakumeek gehien egiten dituztenak. Zigorrak gogorragoak izateak ez du bermatzen herritarrak ziurrago egotea. Egin behar dena gizarte balioak aldatzea da, gaur egun legeak horien aurretik baitoaz.

Nola ikusten duzu mugimendu feminista?

XX. mendea iraultzen mendea izan zen. Baina garaile irten den iraultza bakarra emakumeena izan da. Izan ere, atzera bueltarik ez duten aldaketak ekarri ditu. Hori posible izan da feminismoak diskurtso bateratu eta propioa eraiki duelako. Horrek ez du esan nahi, hala ere, feminismo bakarra dagoenik. Mota askotako feminismoak daude, eta horrek barne eztabaidak sortu ditu. Baina guztiek bide eman dute emakumeen aldarrikapenak agerian uzteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)