BAI HORIXE

Belo islamdarra

Absurdoagoak dira moda desfiletan normaltasun osoz ikusten ditugun janzki eta oinetako gehienak

Diario Vasco, ARANTZA URRETABIZKAIA, 26-04-2010

Joan den mendeko erdialdean jaio ginenok hamaika aldaketa ikusi eta jantzi dugu arropa kontutan. Batzuk sasoitxo batean, beste ba-tzuk ezin geureago egin ditugu. Jantzi ditugu, noski, Amerika osoan sortutako arropak, bakeroak, pontxoak. Eraman ditugu soinean Asiatik ekarritako kimonoak, jantzi ditugu Afrikako kolore guztiak, txilabak eta babutxak.
Argi dago ez diegula beldurrik kanpoko arropei. Are gehiago, maite ditugu eta guk janzten ez baditugu ere, gustuz edo gutxienez lasaitasunez ikusten ditugu kalean. Salbuespen nabarmen batekin, beloa, emakumeen gorputza estaltzen duen arropa. Zehazkiago, belo islamdarra, mojen buru estalkiak normalak iruditzen baitzaizkigu, kalean nahiz eskolan.
Horrexek sortzen du hemen eta Europa osoan, sekula erabat itzaltzen ez den sua. Honezkero, ikasi ditugu estalki horien izenak eta sailkatu ditzakegu kategoria desberdinetan. Ez da berdin ilea eta lepoa estaliz, aurpegia begi bistan uzten duen hiyab-a eta emakume baten gorpu-tza guztiz estaltzen duen burka.
Burka da, hain zuzen Frantzian, Belgikan edo Holandan esparru publikoan debekatu nahi dutena, burka eta horrekin batera, begiak estali gabe uzten dituen niqab-a, estalkiaren azpian nor dagoen ikusten uzten ez duten arropak.
Espainian, berriz, azken liskarra burua eta ilea bakarrik estaltzen dituen zapiak sortu du, hain zuzen, nerabe batek estalki hori institutura eraman duenean. Nonbait, ikastetxe horretako barne araudiak ez die gaztetxoei burua estalita dutela sartzen uzten, ez txapel, ez kapelu, ez zapi islamiarra.
Gertakizun horren ondorioz sortu den eztabaidak bi jarrera nagusi nabarmendu du: batak neskaren hezkuntzarako eskubidea lehenesten du eta besteak ikastetxearen araudia.
Esan dezadan, aurrera egin baino lehen, ez ditudala estalki mota horiek maite baina, era berean, zaila iruditzen zaidala emakumeon edertasunaren izenean hainbeste tortura onartzen duen gizarte honetan ilea eta lepoa estaltzen dituen zapia debekatzea. Dudarik gabe, hamaika aldiz absurdoagoak dira moda desfiletan normaltasun osoz ikusten ditugun janzki eta oinetako gehienak. Desfileetan eta kaleetan.
Gainera, iskanbila piztu duen neskak ohitura horri ihes egiteko aukerarik badu, hezkuntzaren bidez izan beharko du. Hezkuntzaren bidez galde diezaioke neska horrek bere buruari zergatik bere familiako gizonek nahi duten bezala janzteko eskubidea duten eta berak ez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)