Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatuko dute '80 egunean'
Goran Paskaljevic zuzendari serbiarrari egingo dio gorazarre Donostiako jaialdiak, apirilaren 23tik 30era
Berria, , 17-04-2010Ainara Rodriguez.
Donostia
Jose Mari Goenagaren eta Jon Garañoren 80 egunean filmak badu estreinaldirako eguna. Datorren ostiralean izango da, Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren barruan maiatzaren 21etik aurrera areto komertzialetan ikusi ahal izango da. Apirilaren 23tik 30era beste 15 pelikularekin sail ofizialeko lehian arituko den filmetako bat da Garaño eta Goenagarena.
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak jasotzen dituen hamaika eskubidetatik, ia gehienak jorratuko dituzte jaialdiak hautatutako filmetan. Xenofobia izango dute lehen unetik presente, Goran Paskaljevicen Honeymoons pelikulak zabalduko baitu jaialdia; itxi, berriz, emigrazioaren gordina lantzen duen Bill Guttentag eta Dan Sturmanen Soundtrack for a Revolution filmak egingo du.
Adinean aurrera doazen bi emakumeren arteko maitasunezko sentimenduak azaltzen ditu 80 egunean filmak. Emakumeen egoera zaila ere azalduko da beste zenbait filmetan. Esaterako, Mexikoko Ciudad Juarez hiriko emakumeen hilketak (El traspatio / Backyard) edota 70eko hamarkadako borroka feminista (Vindicación) agertuko dira pantailan.
Era berean, ez dituzte ahaztu nahi izan munduan indarrean diren gatazkak ere: lurralde palestinarreko okupazio israeldarra (Bil’in Habibti / Bil’in, My Love), Mendebaldeko Sahararen arazoa (El Problema, testimonio del pueblo saharaui) edota estaturik gabeko nazioen errealitatea, halanola Kurdistanena (The Children of Diyarbakir). Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak gogoratu legez, Donostiako Zinemaldian iaz saritutako filma da azken hori, genozidioaren gaia jorratzen duen Le jour où Dieu est parti en voyage bezala. Edonola ere, Hegoafrikako esperientzia eredu hartuta, gatazkak elkarrizketa bidez konpontzeko aukera ere azaldu nahi izan dute Endgame filmaren emanaldiaren bidez.
Presoen egoera eta erbestea ere badira jaialdian ikusiko diren beste problematika batzuk; Ipar Irlandako presoen testigantza edota indarkeria politikoaren ondorioz Argentinatik deserriratutakoen hausnarketa jorratuko dituzte Hunger eta La pérdida filmetan, hurrenez hurren. Bakardadea eta bakartzea, kultura aniztasuna, ingurumenaren hondamendia eta zahartzaroari tartea eskainiko zaie Donostiako jaialdian.
Zortzigarrengoz egingo dira giza eskubideen jaialdiak, eta, urtez urte sendotuz joan den proiektu bat izanik, eskaintza hedatu egin behar izan dutela azaldu du Rebordinosek. Film luze eta laburren artean, 41 film ikusi ahal izango dira.
AIren saria
Giza Eskubideen Zinema Jaialdiaren sariak Goran Paskaljevic zuzendari serbiarrari (Belgrad, 1947) egingo dio gorazarre, «azken bi hamarkadetan giza eskubideen Europako zinemagile garrantzitsuenetakoa» bilakatu delakoan. Giza eskubide horien aitortzan eta errespetuan oinarri hartuta, horren defentsa zinemaren bidez irudikatzeari «egoki eta ezinbesteko» deritzo, hain zuzen, Amnesty Internationaleko Aitor Imazek. Erakundea elkarlanean aritu da jaialdiarekin, eta horren emaitza da Amnesty International saria emango dutela lehen aldiz.
Filmez gain, erakusketak ere ikusi ahal izango dira jaialdiaren karira. Gipuzkoa 1936-1950. Kronika beltzean, Egun bat edo bi edota Erlijioen mendea dira horietako batzuk. Itxiera ekitaldian, berriz, Soul Supreme taldearen musika entzun ahal izango da.
(Puede haber caducado)