Australia sentitzeko era bat
Australiako artista indigenen zein indigena ez direnen lanak biltzen ditu 'Intangibles in Terra Australis' erakusketak Gaur hasi eta ekainaren 13ra bitarte, Donostiako Kubo aretoan izango da ikusgai
Berria, , 16-04-2010Ainara Rodriguez.
Donostia
Hiriaren masifikazioak indigenen erritualez uler dezake, baita kolonizazioak mitoez ere. Material natural eta tradizionalak teknologia berrien baliabideekin uztartzea ere badago. Uztartze hori lortzeko gaitasuna erakutsi dute, bederen, 25 artista australiarrek Intangibles in Terra Australis erakusketan. Gaur zabalduko da Donostiako Kubo erakusketa aretoan, eta datorren ekainaren 13ra arte egongo da.
Herri baten idortasuna, kolore bizi zein apalak, bizitasuna, isiltasuna, malenkonia… Australia ikusteko eta sentitzeko duten modua erakutsi dute artistek erakusketak jasotzen dituen 91 lanetan; argazki, margolan edota eskulturaren bidez, euren herrialdea bera hautemateko eta interpretatzeko duten ahalmena plazaratu dute, hain zuzen ere. «Australiar artistak betidanik liluratu izan ditu beren lurrak, eta argi dago horrela izaten jarraituko duela. Izan ere, herri horren edertasuna bikaina eta oparoa da; bertako mugagabetasuna eta koloreak, berriz, ikusgarriak», halaxe azaldu du Asun Bassas erakusketaren komisarioak.
Indigenen eraldaketa
Ezohiko erakusketa paratu dute; aborigenak zein kolonoen ondorengoak diren artistak batu dira, euren herriaren isla gisa. Izan ere, Bassasek berak dioen bezala, «herri bateratua, baina alderdi askotarikoa» baita Australia. Indigenen artean ere bereizketa egiten du komisarioak, ikuspegi tradizionalei eusten jarraitzen duten eta materia berrietara egokitu direnen artean. Lehenen artean daude, zehazki, Angkaliya Curtis, Bernard Tjalkuri, Ginger Wikilyiri, Harry Tjutjuna, Maringka Baker, Nellie Stewart, Pungkai, Ruby Williamson, Tiger Palpatja eta Wingu Tingima. Teknika puntilistari leial, kolore bizi eta deigarriz osatzen dituzte euren oihalak. Bassasek dioenez, arbasoengandik jasotakoa kontakizun gisara aurkeztea maite dute; sinboloen, baita metaforen bidez ere. Modu horretan ikusten baitute artea.
Bestalde, ikuspegi abangoardista garatu dute hainbat aborigenek; «gai izan dira material tradizionalak alde batera utzi eta bestelako teknikak, esan dezagun modernoagoak, erabiltzeko. Betiere, kontatu nahi duten istoriora egokituta». Talde horretan daude gainerako artista indigenak: Troy-Anthony Baylis, Darryl Pfitner-Milika, Peter Sharrock eta Nici Cumpston. Teknikak teknika, indigenek artea iraganaren jarraipena ziurtatzeko eta mundu espiritualarekin komunikatzeko baliatzen dutela dio komisarioak; sustraiei eutsiz, errealitatera egokitu: «Bertan dago euren artearen esentzia».
Horren erakusgarri jarri ditu, besteak beste, Baylis eta Tjutjuna. «Gaur egun erabiltzen diren bitartekoak korapilatu, elkarren artean josi eta osotasuna ematen diete artelanei».
Lurrari begira
Indigenek lurrean topatzen duten inspirazio iturriarekin bat egin dute, era berean, aborigen ez diren beste hainbat artistak ere; bere garaian Australiako lur idor eta gorrietara iritsitako kolonoen ondorengoak dira gehienak; Veronica Calarco, David Kelly, Gavin Malone, Greg Johns, Ian Hamilton, James Cochran, Jan Clifford, Loene Furler, Mark Kimber, Pamela Kowenhoven eta Peter Coad, hain zuzen.
Bassas komisarioak artista horien handitasuna goretsi du, «urteen poderioz, begi aurrean dutena mirestera iritsi baitira». Lurra, ingurunea, errealitatea… bere egin dute, ohikoa duten hiri ikuspegitik, Australia eta indigenak eurak nola irudikatzen dituzten azaltzeko. Haien ingurunean maiz ikusten den eukaliptoa baliatu dute, esaterako, beren olioak eta akrilikoak egiteko. Ez da adibide bakarra, ordea; teknika puntilista eta zuntz naturalak ere baliatu dituzte indigena ez diren artistek, kultura indigenarekiko ikuspegia «ahalik eta modu naturalenean» irudikatzeko.
Jatorri indigena ez duten artistek argi daukate beharrezkoa dutela herri bereko kide izanik bi komunitateen arteko zubia eraikitzea. Australia sentitzeko era bat bilatu behar dutela, alegia. Ikuspegi eta jatorri bestelakoa izanik ere lortu dutelakoan dago Bassas, «lurraren alderdi ukiezinetara» iristea lortu baitute.
(Puede haber caducado)