Dati bati
Berria, , 16-04-2010Haragijale irria, azken modako jantziak. Emigrazioak UMP alderdi nazioliberalari eman oparirik oparoen gisa aurkeztu da Rachida Dati. Ceciliak Nikolas uztean, anitzek pentsatu zuten neskatila lotsagabea Frantziako lehen dama bilakatuko zela, hain ziren akomodatzen lehendakaria eta bere orduko Barne ministroa. Epaitegien bekandatzea eraman zuen, psikomalgor. Nikolas Carla sosez okituarekin ezkondu zen, bertsolari zaharrek bezala mintzatzeko Rachidak aita nor duen jakin ahal izan ez den umea munduratu zuen, eta jadanik infernuko holtz hezeetan behera lerratzen ari da.
Printzearen begiko dabilana, menturaz norbait handi, boteretsu eta aberats delako ilusioarekin jostatzen da, jostarazten gaitu behintzat. Oroitzen zarete idia bezain lodi bihurtzekoa zen igelaz? Bada hala doa gaur Rachida: baztertua, gobernarien pribeligioez biluzia, haurra bakarrik haztera behartua, facebook-eko orrialdea 33 adiskiderekin irekiz, Carla eta Nikolasen artean infidelitateak balitezkeelako zurrumurruen iturburu susmatua, Europako parlamentuan aspertzen, aharrausika eta telefonoz eleka. Bukatu zaizkio bling bling urteak, baina gauden lasai, sakelak ez dituzke hutsik.
Grandeur et décadence.
(Puede haber caducado)