2.263 pertsonak egokitu dituzte atzerriko tituluak Hego Euskal Herrian

Unibertsitateko 491 titulu homologatu edo baliozkotu ziren 2009an, eta unibertsitatekoak ez ziren 1.772 titulu Eskaera gehienak Amerika eta Europako Batasuneko herrialdeetako tituludunenak dira

Berria, Jon Rejado. Gasteiz , 07-04-2010

Atzerrian egindako ikasketak Espainiako ikasketa ofizialekin homologatu edo balioztatu dituzte 2.263 pertsonak 2009an Hego Euskal Herrian. Onartutako titulu horietatik gehienak unibertsitateekin lotuta ez dauden ikasketenak izan dira: DBH, batxilergo zein teknikari edo goi teknikari graduak homologatzea edota ikasketak batxilergoko lehen mailarekin baliozkotzea. Guztira, 1.772 pertsonak lortu dute hori. Unibertsitateko ikasketei dagokienez, 491 pertsonak lortu zuten beren herrialdeko titulua homologatzea.

Tituluen homologazioak edo baliozkotzeak beren ikasketekin bat datozen lanak bilatzeko aukera ematen die izapideak gainditzen dituztenei; etorkin atzerritarrak kasu gehienetan. Bide batez, ikasketekin jarraitzeko edo ikasketa berriak hasteko aukera ematen die. Azken urteetan nabarmena izan da tituluen homologazio eta baliozkotze eskaeren hazkundea. 2004tik 2008ra arte bikoiztu egin dira Espainiako Hezkuntza Ministerioan eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzetako Hezkuntzako Goi Ikuskaritzetan jasotako eskaerak. 2008an 75.588 jaso zituzten, eta horien %67 aintzat hartu.

Hego Euskal Herriko datuen bilakaera egiterik ez dago, baina Nafarroako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzako Hezkuntzako Goi Ikuskaritzaren datuak adierazgarriak dira. Unibertsitateko tituluen homologazioak jaitsi egin dira 380 egin ziren 2009an, 2008an baino 59 gutxiago, baina beste ikasketen homologazioak nabarmen igo dira. 2008an unibertsitatekoak ez ziren 488 titulu homologatu edo baliozkotu ziren, eta 2009an 656 izan ziren. Gehien homologatu ziren tituluak batxilergokoa eta DBHko graduatua izan ziren.

Nafarroan Amerikatik heldutako herritarrek homologatu eta baliozkotu zuten titulu gehien. Haien ondoren, EB Europako Batasuneko herrialdeetako herritarrek. Horiek ez ezik, Europako beste herrialde batzuetako, Afrikako, Asiako eta Ozeaniako herritarren tituluak ere homologatu dituzte. Gehien homologatzen diren tituluak mediku lizentzia, erizain lizentzia eta zuzenbide eta psikologia ikasketak dira.

Nafarroako datuetan oso adierazgarria da sexuen artean dagoen aldea homologazioak eta baliozkotzeak egiterakoan. Hala, unibertsitateko tituluen homologazioen artean %72 emakumeek lortu zituzten. Beste ikasketen homologazio eta baliozkotzeetan ere emakumeak gizonen aurretik daude, baina aldea ez da horren nabarmena: %55.

Datu adierazgarria da hori Consuelo Parra Prestaturik profesional atzerritarren elkarteko presidentearen arabera. Prozesu migratzaileetan emakumeek zama handi bat daramatela gogorarazi du Parrak, haiei egozten zaien familiaren zaintza eta emakumeek dituzten zaitasunei etorkina izateak gehitzen dion zailtasunagatik. Ordea, datu horiek migratzen duten emakumeen indarra agerian uzten duela nabarmendu du Parrak. «Prestatuen dauden pertsonak dira herritik joaten direnak».

Prozesuan aldaketak

Homologazio eskaeren hazkundeaz gain, azken urteetan homologazioak edo baliozkotzeak eskatzeko prozesuan aldaketak sumatu ditu Parrak. Internet edo azken urteetan sortu diren sareen ondorioz heldu berriek argiago dute zer nahi duten eta zer egin behar duten. «Azkenaldian ematen du jendea informazio gehiagorekin datorrela». Horri esker epeak laburtzeko aukera dutela gaineratu du, garai batean ez bezala heldu eta gutxira hasten baitituzte tramiteak. «Lehen egunetik bertatik egin dezakezu homologazioa, baina heldu berri diren pertsonen lehentasunak beste batzuk izan ohi dira».

Prestaturik elkartea, profesional atzerritarrek osatzen duten elkartea, zazpi urte eman ditu laguntza ematen ikasketen homologazio eta baliozkotzea egin nahi dutenei. Tarte horretan, Euskal Herrira datozen profesional atzerritarren jarrera eta ekimena ez ezik, izapideak ere aldatu direla uste dute. Epeak laburtu dituztela, alegia. Garai batean lau urte inguru igarotzen ziren eta egun bi urtean erabakitzen da titulua homologatzen den edo ez den.

Tituluak homologatu edo baliozkotu ostean lana bilatzea zaila dela nabarmendu du Parrak. «Inork ez zuen krisi hau espero, eta hilabete askoko izapideak gaindituta, ez dakigu zer egin tituluarekin». Gainera, ikasketak Espainian egindakoekin parekatuta izan arren, langileak kontratatzeaz arduratzen direnek oraindik ere tituludun atzerritarraren gaitasunen gaineko zalantzak dituzte. «Lankideen titulu bera izan arren, horiek baino soldata txikiagoa onartu behar izan dute elkartean lagundu ditugun pertsona batzuek».

Prestatutako pertsonek ihes egiten dute Afrikako mendebaldeko herrialdeetatik

Beren herrialdeari ekarpenak egin diezazkioketen pertsonek, prestatuenek alde egiten dute beste herrialde batzuetara. Mauritaniako zentro batean ikerketa bat egin ostean, ondorio horretara heldu da Jaime Bara, Espainiako Gurutze Gorriko nazioarteko kooperaziorako departamentuko kidea. «Prestakuntza profesionala duten pertsona horiek galtzea, alfabetatuta daudenak, galera handia da herrialde horientzat».

Senegal, Mali eta Gambiatik Espainiara heldu nahi dutenen ezaugarrien eman berri du Gurutze Gorriak, bide horretan zeudela 2006. eta 2008. urteen artean atzemandako 5.191 pertsonei egindako elkarrizketetan oinarrituta. Beren herrialdeetako batez besteko hezkuntza maila gainditzen zuten elkarrizketatuen %75ek. Herrialde horietan, 15 urtetik gorako pertsonen alfabetatzea apala da. Senegalen %39,7 dira alfabetatutakoak, Malin %24 eta Gambian %42,5, Gurutze Gorriko datuen arabera.

Zer da?

Homologazioa: Espainiakoa ez den titulu baten balioa ofizialki aitortzea, ikasketa horien gradua eta Espainiako tituluak berarekin dituen lan eskubideak onartzea.

Baliozkotzea: Espainiako ikastetxe batean ikasketak jarraitzeko jatorrizko herrialdearen hezkuntza sisteman ikasitakoaren baliokidetasuna onartzea.

Tituluak homologatu edo baliozkotzeko baldintzak

Atzerriko titulu bat Espainiako tituluekin parekatzeko, baldintza batzuk bete behar dira:

OINARRIZKO BALDINTZAK

Homologatu nahi diren ikasketak ofizialak izan behar dute, herrialde bakoitzean dagokion agintaritzak igorrita.

Atzerriko agiriek legeztatuta egon behar dute, beste herrialde batzuekin lortutako hitzarmenen arabera.

Gaztelaniaz ez dauden agirien itzulpen ofiziala egin behar da.

UNIBERTSITATEKO TITULUAK

Espainiako Unibertsitate Titulu Katalogo ofizialeko titulu batekin homologatu behar da.

Sei hilabete baino lehen emango da irizpena, araudiaren arabera, eta ez bada ordurako ematen, ukatutzat joko da.

Irizpena aldekoa, kontrakoa eta baldintzatua izan daiteke. Azken horretan, ikasgai batzuk gainditu beharko dira.

UNIBERTSITATEKOAK EZ DIREN TITULUAK

Titulua ematen duen herrialdean bertan ikasi behar izan du ikasleak. Hau da, ez du balio homologazio baten homologazioa.

Jatorrizko herrialdeko eta Espainiako tituluen arteko parekotasuna egon behar du, maila akademikoan, edukietan eta denboran.

Irizpena hiru hilabete baino lehen emango da, araudiak esaten duenaren arabera, eta ez bada epe horren barruan ematen, ukatutzat joko da.

Nora jo

Espainiako Gobernuko Ordezkaritzen Hezkuntzako Goi Ikuskaritzako bulegoetara jo:

EAE: Araba Jenerala 10, 2. pisua. 945-75 90 00.

Nafarroa: Merindadeen plaza. 948-97 90 00.

Interneten. http://www2.educacion. es/educacion/sistema-educativo/convalidaciones.html.

Lehen Hezkuntzan eta DBHn ez da ezer baliozkotu behar

Lehen Hezkuntza eta DBHko 1., 2. eta 3. mailekin pareka daitezkeen beste herrialdeetako ikasketak ez dira baliozkotu behar. DBHko 3. mailara arteko ikasketak egin nahi dituen eta Espainiakoa ez den beste hezkuntza sistema batetik heldutako ikasleak Ikastetxean bertan egingo ditu izapideak.

2001ean hasi zituen titulua homologatzeko tramiteak Marisela Madridek, eta oraindik ezin izan du helburua lortu; Sylvia Aramendik «zentzuzko denbora batean» lortu zuen albaitari titulua homologatzea

Paper eta aurreiritzi arteko bidea

J.Rejado.
Gasteiz

Nekeza da ikasketekin bat datorren lana topatzea. Ordea, lan horri titulua homologatzeko izapideak egin eta gizartearen aurreiritziak gainditu behar izatea gehitzen bazaio, are gehiago zailtzen da. Bide horri ekin dioten Euskal Herriko etorkinen artean denetarik dago. Batzuek denbora luzea daramate hori lortu ahal izateko, beste batzuek arazorik gabe lortu zuten… Ordea, jatorrizko herrialdean ikasitakoa baliatzeko asmoa dute gehienek. «Galera handia litzateke, bai gure gurasoek egindako ahalegina gal daitekeelako, baita hartzen gaituen herrialdeak prestatutako langileak gal ditzakeelako ere», dio Marisela Madridek.

Hondurasen jaioa, Mikrobiologia eta Kimika Klinikoa ikasi zuen Marisela Madridek, sei urte luzeko ikasketa. Unibertsitatean, Hondurasko Osasun Idazkaritzan eta laborategi pribatuetan lan egin ostean 2000. urtean Euskal Herrira heldu zen, Azkoitira. Heldu eta urte batera hasi zuen titulua homologatzeko bidea, baina gaur egun oraindik ez du lortu helburua.

Espainiako titulu ofizialen artean Mikrobiologia eta Kimika Klinikoa ez dagoenez, Biologiako tituluarekin homologatzeko lanak hasi zituen. Lau urteren buruan, 2005ean, erantzuna eman zioten. Titulua homologatzeko, azterketa batzuk gainditu behar zituen, Biologia ikasketetan berak Hondurasen ikasi ez zituen ikasgai batzuk zeudelako.

Ordea, bizitzak aldaketa asko izan ditzake lau urtean. Berria eman ziotenean alaba izan berria zuen Madridek. «Azterketak zeure kabuz prestatu behar dituzu: teoria, praktika… Orduan oso zaila zela ikusi, eta baztertu nuen».

Hori gertatu bitartean lana bilatzeko ahaleginak ez zuten emaitza onik izan. Hondurasen egindako lanak, bertako loturak, balioa galdu zuten Euskal Herrian. «Gogorra da, prestatuta zaudela dakizun arren etxeko lanak edo zaintza lanak baino ez dizkizutelako eskatzen; horretarako baino ez duzula balio pentsatzen dute». Azkenean lan horietan hasi zen Madrid, eta hasiera batean «mingarria» izan arren, aberasgarria gertatu zitzaion. «Emakume etorkinaren egoeraz jabetu, eta horretara gerturatzeko aukera eman zidan».

Emakumeen egoerak bereziki duen garrantzia nabarmendu du Madridek. Lan mundua gizonengan oinarrituta dagoela kontuan hartuta emakumeak bigarren lerroan gelditzen dira, eta emakume etorkinen egoera are ikusezinagoa da. «Titulua homologatzeko ahaleginean urteak igarotzen dira, 40 urtetara gerturatzen zara eta… Zeinek emango dio aukera emakume atzerritar horri, ikasi zuen horrekin denborarekin harremana galdu badu?».

Lan askoren ostean, curriculuma bazter guztietan banatu ondoren, bere ikasketekin lotutako lana aurkitu zuen. «Kontratatu ninduen pertsonari nire lan esperientzia interesgarria iruditu zitzaion eta aukera eman zidan». Lanean dagoen bitartean titulua homologatu baino, tituluaren maila homologatzeko izapideetan murgilduta dago. Hau da, lizentziadun maila izateko, gutxienez.

Azkarra eta arazorik gabe

Sylvia Aramendiren kasua muturrekoa da. Euskal Herrira heltzean titulua homologatuta izanez gero lana topatzea errazagoa izango zela pentsatu, eta bidaia hasi aurretik albaitari titulua homologatzeko izapideak Argentinan bertan hasi zituen. Espainiako enbaxadan izapideak aurreratu zituen, eta hona heltzean «zentzuzko epe batean» homologatu zioten titulua. «Ez nuen buruhausterik izan, aldez aurretik egindako izapideei esker», ondorioztatu du.

Aramendik onartu du albaitari ikasketak Espainiako Tituluen Katalogo Ofizialean egonda lana errazagoa izan zela, ez baitzuen bestelako azterketarik egin behar homologazioa lortzeko.

Aldez aurreko lanaren garrantzia nabarmendu du Aramendik. Madridek, ordea, ondo informatzeko eta bukaerara arte borrokatzen jarraitzeko aholkua eman die zeregin honetan ari direnei. «Borrokatu behar da, zeure burua gainditzeko kemenak egiten zaituelako profesional».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)