NaBaik salatu du herritarren parte-hartzerako laguntzak urritu dituztela Iruñean
Iazkoekin alderatuta, Udalak %16,8 murriztu ditu diru laguntzak, eta, beraz, 2007koen azpitik daude, NaBairen arabera
Berria, , 07-04-2010Erredakzioa.
Iruñea
Iruñeko Udalak herritarren parte-hartzerako ematen dituen diru laguntzetan murrizketa «gogorra» egin duela salatu du NaBaik. Koalizioak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, iazko diru laguntzekin alderatuta, %16,8ko jaitsiera gertatu da. Hau da, 2009an 616.000 euro jarri ziren herritarren parte-hartzerako; 2010ean, aldiz, 513.000 euro jarriko dira. Aurtengo jaitsierari iazkoa ere gehitu behar zaio, gainera, NaBairen arabera. Hala, 627.000 euroko diru laguntza jaso zuten 2008an. Orotara, beraz, bi urtean %18,2ko jaitsiera gertatu dela salatu du NaBaik. Zera esan nahi du horrek, Txema Mauleon NaBaik Iruñeko Udalean duen zinegotziaren arabera: «2007an helburu berberarekin bideratutako diru kopuruaren azpitik gaudela 2010ean».
Hiru sektore nagusi
Mauleonek azaldu duenez, hiru jarduera sektore nagusitara bideratzen dira herritarren parte-hartzerako diru laguntzak: «Auzoetako elkarte eta talde kulturalak, adineko pertsonen elkarteek antolatutako jarduerak eta etorkin eta eskualde elkarteek prestatutako jarduerak». Orotara, herritarren ehun elkarte inguruk jasotzen dituzte laguntzak.
«NaBaikook oso txartzat jotzen dugu murrizketa», azaldu du Mauleonek, «hiriko elkarteen sarearen zatirik handienari eragiten baitio». Elkarteek antolatzen dituzten jarduerek auzoetako bizitza sozio-kulturalean edota adineko pertsona nahiz etorkinengan duten eragina azpimarratu du NaBaiko zinegotziak.
(Puede haber caducado)