«Ezjakintasuna» egotzi diote foru agintariek Idoia Mendiari

Gipuzkoako agintariei batu zaizkie Bizkaikoak eta Arabakoak, etorkin adingabeekin egiten duten lanaren defentsan

Berria, , 26-03-2010

Jon Rejado.
Gasteiz

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak foru aldundiek adingabeekin egiten duten lanaren inguruko kritikak «erabateko ezjakintasunaren» ondoriotzat jo ditu Covadonga Solaguren Arabako Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatuak. Maite Etxaniz Gipuzkoako diputatuak hori bera egotzi dio. Adingabe batzuek delituak nahita egiten dituztela adierazi zuen Mendiak asteazkenean, hartara, foru aldundien esku dauden zentroetara eraman beharrean Zumarragako (Gipuzkoa) zentro itxira eramatea nahi dutelako. «Eusko Jaurlaritzan erantzukizuna duen pertsona batek errealitatearekin bat ez datozen adierazpenak egitea ulertezina da», salatu du Solagurenek.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Juan Maria Aburtok ere egindako kritikak zuzentzeko eskatu dio Idoia Mendiari, eta gaineratu du sailburuaren kritikak «onartezinak, bidegabeak eta errealitatetik urrun daudenak» direla. Gipuzkoako foru agintariek abiatutako kritika sortari lotu zitzaizkion atzo Bizkaiko eta Arabako foru aldundietako ordezkariak, Jaurlaritzarekin minduta.

Foru agintariek eskariari aurre egin ahal izateko zentroen sare bat egiteko ematen den dirua nabarmendu dute kritika horietan. Horrez gain, zentro moten artean dagoen aldea agerian utzi nahi izan dute. «Jaurlaritzak kudeatzen duen Zumarragako zentroa itxia da, bertan daudenak atxikitzeko neurriak har ditzakeena». Aldundiek kudeatzen dituzten zentroek, ordea, adingabeen gizarteratzea helburu duten hezkuntza programak eta ekimenak egiten dituztela gogorarazi du Juan Mari Aburtok, eta bertan dauden adingabeak eraikinetik ateratzeko aukera dutela. Ez daude itxirik egotera behartuta.

Kezka horiek gogoan, hainbat instituziotako ordezkariak bildu ziren atzo Madrilen, Haurtzaroko Zuzendarien Erkidegoarteko Batzordean, eta bertan adingabeen zentroei eta langileei babesa eskaintzeko agiri bat sinatu zen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariek sinatu zuten, baina Jaurlaritzako ordezkariak ez, gai zerrendatik at zegoela argudiatuz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)