Migrazio politikei aurre egiteko, indarrak metatzeko beharra aldarrikatu dute
Hendaia eta Irun artean martxa egin dute, Frantzia eta Espainiaren atzerritarren legeak salatzeko
Berria, , 23-03-2010Ainara Arratibel.
Espainiako eta Frantziako gobernuen migrazio politikak salatu zituzten atzo arratsaldean ehunka lagunek, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) artean egindako martxan. «Iparraldeko zein Hegoaldeko eragileek indarrak bildu, eta era bateratuan egin behar diegu aurre politika horiei. Euskal Herrira begirako politika eta ikuspegi komun bat landu eta ezarri behar dugu alor horretan ere. Ezin dugu onartu bizileku eta naziotasun eskubideak kudeatzeko gaitasuna estatuen esku egotea», adierazi zuen Anitzak elkarteko Pedro Albitek. Indar metaketa hori irudikatu zuten atzoko manifestazioan, dozenaka eragile, sindikatu eta gizarte taldetako ordezkariak izan baitziren martxan.
Gaur da Xenofobia eta Arrazakeriaren Kontrako Eguna, baina antolatzaileek egun bat aurreratu nahi izan zituzten aldarrikapenak. Frantses eta espainiar estatuen migratzaileen poliltikarik ez! lelopean, 17:30ean abiatu zen martxa. Oso leku berezia aukeratu zuten horretarako, gainera: Hendaiako atxikitze zentroa. Ia 500 etorkin egon dira bertan atxikita. Atzokoan, ordea, zentroaren ingurua kultur aniztasunaren irudi bihurtu zen, jatorri eta herrialde desberdinetako jendea bildu baitzen bertan. Haien xedea migrazio eta asilo politikak salatu, eta etorkinen eskubideak aldarrikatzea zen. «Gure ustez, xenofobiaren eta arrazakeriaren errudun nagusiak Frantziaren eta Espainiaren politika murriztaile, sexista eta klasistak dira. Ezinbestekoa da horiek aldatzea», nabarmendu zuen Albitek. Espainiako Gobernuak berak orain gutxi aldatu dituen atzerritarren eta asilo legeak, eta arrazakeriaren aurkako taldeek behin baino gehiagotan salatu izan dituzte.
Atxikitze zentroaren aurrean aldarrikapen horiek guztiak agertu zituzten, etorkinen eskubideen alde lanean ari diren Cimade eta Anitzak elkarteko ordezkarien eskutik. Horren ostean, bidea hasi zuen martxak. Amaiera 19:00 aldera izan zen, Irungo polizia etxearen aurrean. «Ez da ahaztu behar polizia etxe horren zeregin nagusia etorkinen joan-etorria kontrolatzea dela. Polizia etxe hori, gainera, ez da atxilotze edo atxikitze zentro bat, baizik eta kanporatze zentro bat. Hara eramaten dituzte kanporatu nahi dituzten etorkin asko eta asko».
Etorkinentzat ez ezik, migrazio politika horiek euskal herritarrentzat ere mugak ezartzen dituztela gogorarazi zuen Albitek. «Adibidez, hezkuntza alorrean, Iparraldeko ikasle batek Hegoaldean ikasten badu, atzerritar baten gisa hartzen dute; baita alderantziz ere, Hegoaldeko batek Iparraldean ikasten badu. Adibide xume bat da, baina oso esanguratsua. Esparru gehienetan geratzen da hori, zoritxarrez».
Elkarlan «zabala»
Albiteren ustez, halere, elkarlanak ez du soilik etorkinen eskubideen alde lanean ari diren taldeen artean izan behar: «Migrazio politikek alor askotan dute eragina: giza eskubideetan, hezkuntzan, lan munduan, erabakitzeko eskubidean…». Hain zuzen ere, horregatik bildu nahi izan zituzten gizarte alorreko hainbat eragile atzoko martxan. «Oso pozik gaude, aurten lehenenego aldiz egin baitugu martxa. 300 lagun baino gehiago bildu gara, eta, gure ustez, oso kopuru polita da hori», adierazi zuen Albitek.
(Puede haber caducado)