Larrepetit Castillo Suarez

Zangozikin

Berria, , 23-03-2010

Zangozikin plazara ateratzen da jolastera bazkalondoan. Jolasten baino gehiago, etorkinek telefonoz esaten dutena entzuten aritzen da. Etorkinek urrunean dituzte hurbilekoak, eta telefonoa da gerturatzeko duten bidea. Asmatu egiten ditu haien izenak. Telefonoz ari direnek ere asmatu egiten dituzte beren bizitzako zertzeladak. Zangozikinek ez dakizki etorkin askok erabiltzen dituzten hizkuntzak: «Egia da, ez ditut urruneko hizkuntza horiek ulertzen, baina nik badakit zer kontatzen duten». Batzuek lagun berriak egin dituztela kontatzen diete telefonoz bestaldean dituztenei, lanpostu hobea eskuratu dutela beste batzuek. «Ez da justua deia ordaindu behar izatea egia ezin esateko». Horixe da Koldo Izagirre eta Antton Olariagaren Zangozikin liburuaren azkeneko esaldia.

Yaima deitzen da parean dudan neska, baina baliteke Yanelis edo Yenely deitzea, ez nago seguru. Gutun-azala eskutan, hartu du autobusa ospitale parean. Kontentu dago, titietan zituen pototoak ez direlako txarrak, eta ez arduratzeko esan diolako medikuak. Telefonoa hartuko luke, eta etxekoei deitu, baina hiru aste pasatu ditu inori ezer esan gabe, eta ez da ohikoa hemen goiza denean etxera deitzea. Hiru aste inori ezer esan gabe. Telefonoak jo du orduan. Nagusia da, non dagoen galdezka. Ordubete barru iritsiko dela lantokira erantzun dio. Autobusetik jaitsi denean, hutsik utzi duen jarlekua berehala bete da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)