Sufrimendua eta aurrera egiteko gogoa

Berria, Agurtzane Solaberrieta. Donostia , 17-03-2010

Sufrimendua eta injustizia topatu ditut, baina batez ere aurrera egiteko gogoa eta gaitasuna». Halaxe definitu ditu Afrika eta afrikarrak Martin Aldalur kazetariak (Zarautz, 1982) Clandestinos liburuaren aurkezpenean. Ezkutuko errealitate bati, Afrikako immigrazioari, aurpegiak eta izen-abizenak jarri nahi izan dizkio, eta norbanakoen istorioak jaso ditu. 300 istoriotik gora bildu ditu, eta kronika modura kontatu du Afrikako immigrazio prozesua: etorkinak euren etxetik ateratzen direnetik hemen bizitzen jartzen diren arteko prozesua, hau da, zergatik utzi duten euren herrialdea, nolakoa den bidaia, nolakoa den harrera iristen direnean, nolakoa integrazioa…. Kazetariak eguneroko albisteen abiadurari ihes egin nahi izan dio, eta prozesu horretan parte hartzen duten alde guztien lekukotasunak batu ditu, hau da, etorkinen ikuspegia, euren familiena, politikariena, poliziena, medikuena, antropologoena… «Ikuspegi kaleidoskopiko batetik jorratu dut immigrazioaren gaia».

Hainbat tokitan garatzen du kontakizuna: Afrikan Senegalen, Gambian eta Kanaria uharteetan, eta Europan Frantzian eta Espainian. 2006tik orain gutxira arte ibili da hara eta hona idazlea, liburua osatzeko.

Aitortu du liburua egitea lan «gogorra» izan dela: «Ez nik bizi izan dudanagatik, baizik eta liburu honetan irakurleak topatuko dituen istorioengatik».

Afrikar askok Europa dute helburu, Europan bizitza hobea topatuko dutelakoan. Etxea uzteko hamaika arrazoi topatu du Aldalurrek. Senegalen, esaterako, emigratzen dutenak ez dira behartsuenak. Europara lan bila doaz, eta dirua irabazi nahi dute gurasoei etxe berri bat eraiki ahal izateko. Familia poligamoen kasua ere aipatu du. Halakoetan amek bultzatzen dute semea emigratzera. Izan ere, semeak ekonomikoki arrakasta lortzen badu, bera goretsi egingo dute. Arrazoi kulturalak ere badaude. Gazte senegaldarrek, esaterako, Europarako bidaia jihad moduan ikusten dute. «Mahomak ere emigratu egin zuen, eta arrakasta lortuta itzuli zen. Haiek ere garaile itzuli nahi dute».

Helmugaraino iristen direnak, ordea, ez dira asko. Asko eta asko itsasoan geratzen dira, hilotz. Bidaian semea galdu duten amen testigantzei tokia egin die Aldalurrek. Semearen heriotzaren errudun sentitzen dira. Adibide bat jarri du: itsasertzean lan egiten duten emakumeek lana uzten dute, itsasotik datorren semearen laguntza oihua entzuten dutelako.

Txalupen immigrazioa fenomeno nahiko berria da, ordea. Afrikako immigrazioa ez baita hasten txalupekin. Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen, Frantziak eta Erresuma Batuak eraginda. «Metropoliek bultzatu zuten euren kolonietan. Joan-etorria askea zen, orduan». Aldalurrek nabarmendu du immigrazio horri, ordea, ateak itxi zizkiotela gero, eta hala sortu zela legez kanpoko immigrazioa: «Aske mugitu nahi dutenei jartzen zaizkien mugen ondorioz sortu da».

Kontraesanak agerian

Iraganari erreferentzia egiten dio kazetariak; haren esanetan, migrazioaren historia gizakiaren historia baita. «Ezin dugu ahaztu Europatik, XIX. mendean, 40 milioi pertsona joan zirela Hego Amerikara, Australiara eta Afrika iparraldera». Haren irudiko, egungo immigrazioak sistemaren kontraesanak agerian uzten ditu. Ikertzaile senegaldar batek esan zizkionak ekarri ditu gogora: «Ezin dut ulertu salgaien eta kapitalen liberalizazioari buruz hitz egitea, eta, bestalde, gizakiak kontuan ez hartzea globalizazioa deitzen den prozesu honetan». Aldalurren ustez, Europak ez du ezagutzen Afrika. Dena dela, nabarmendu du ez dagoela hara joan beharrik errealitate hori ezagutzeko. «Etorkina guretzat aukera zoragarria da munduaz ikasteko, etxetik mugitu gabe. Kalean mundu osoko jendea dugu».

Liburua

Izenburua. ‘Clandestinos. ¿Qué hay detrás de la inmigración ilegal?’.

Egilea. Martin Aldalur.

Orrialde kopurua. 320.

Argitaletxea. Ediciones B.

Hizkuntza. Gaztelania.

Prezioa. 19 euro.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)