Etorkinen Debako zentroko esperientziatik ikasteko eskatu du SOS Arrazakeriak
Diputazioa «praktika egokiak» egiteko gai dela adierazi dute, baina Debako eredua baztertu behar duela horretarako
Berria, , 05-03-2010Mikel Peruarena.
Donostia
«Tolosako esperientzia edukita, ezin da pentsatu Debakoa ezezagutza edo presaren ondorio izan denik. Beharrezko da profesional, politiko eta gizarte eragileek ikastea, etorkizunean errepika ez daitezen halakoak». Debako Oilur zentroaz, etorkin adingabe «liskartientzako» harrera zentroaz ari da hitz horietan Peio Aierbe Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea. Iazko otsailaren 16an zabaldu zuten Debako harrera zentroa, Tolosako Urgentziazko Harrera Etxeak gainezka egin ondotik. Egun, itxita dago Oilur, berritzeko. Han zeuden etorkin adingabe gehienak Aixolan daude, Elgetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesik gabeko etorkin adingabeen politikako «bigarren fasea» hasi duela eta balantzea egiteko unea dela iritzi dio SOS Arrazakeriak. Debako zentroko funtzionamenduaz txostena egin du taldeak, eta atzo aurkeztu zuen, Donostian: «Esperientziak balio dezala ikasteko».
Debako zentroan adingabeei «tratu txarrak» eman dizkietela, hezkuntza arauturako sarbidea ukatu dietela, beste herrialde batzuetara joateko bidaia txartelak eman dizkietela, aisialdi jarduerak eta bisitak ukatu dizkietela eta dokumentazioa eskuratzeko bidea trabatu dietela salatu du, besteak beste, SOS Arrazakeriak. «Etorkin adingabeak hemen daude, eta hemen jarraituko dute. Ahaztu behar dugu ideia hori, zaborra gainetik kenduko dugula», ohartarazi du Aierbek. Debako zentroan egin den politikaren oinarrian ikuspuntu hori egon da, Aierberen ustez: arazo gisa ikusi direla gazteak. Eta horrek hainbat gatazka eragin ditu. «Guk arriskuan dauden adingabe gisa ikusten ditugu. Abiapuntua ezin da izan kontrolatzea eta bakartzea». Baina Deban hori gertatu dela salatu dute. Zentroari hesia jarri zioten, eta ia lau metro garai zen. Hori bera oso adierazkorra iruditzen zaio Aierberi.
«Zigorra eta kontrola»
Txostena egiteko, zentroan egondako 26 gazteren testigantzak, hezitzaileenak eta bizilagunenak jaso dituzte. Anna Stern SOS Arrazakeriako kideak azaldu du Deban egon diren gazteetako batzuk lauri behintzat gertatu zaie hemezortzi urte bete eta bizitzeko baimenik gabe gelditu direla. Kalean bizitzera edo alde egitera bultzatu ditu «xantaia» horrek. «Kontrola eta zigorra» izan dira Debako arauak, Stern eta Aierberen arabera. Eta horrek bestelako arazoak ere eragin ditu; adingabe etorkinen inguruko irudi gatazkatsua sortzea, adibidez. Debako zentroak ez duela behar bezalako baliabiderik izan ere adierazi dute. «Adingabeei ateak itxi zaizkie, eta zer aukera utzi zaie hezitzaileei? Profesionalek baliabideak behar dituzte, hori funtsezkoa da», salatu du Sternek.
«Eskubideak errespetatzen ez dituen zentro batek arazoak sortuko ditu, hori horrela da», Aierberen hitzetan. Gizabanakoari eta haren beharrei egokitutako jarduera egiten ez bada, adingabeari kalte egingo dio horrek, eta gizarte osoari, integrazioa zaildu eta gizarte kohesioari eragingo baitio. Hori horrela, aisiari, heziketari, erantzukizunak hartzeari eta gizartearen aurkako portaerak aldatzeari lehentasuna eman behar zaiela uste dute. «Ezer baino lehen adingabeak dira, babes gabe daudenak», nabarmendu du Sternek.
«Gainerako baliabideek ondo funtzionatzeko argudioarekin Debako Oilur zentroko adingabeen eskubideak urratu» egin direla ohartarazi du SOS Arrazakeriak, eta onartezintzat jo du hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestela, «praktika egokiak» egiten badakiela nabarmendu dute, eta hori indartzea nahi luketela. «Ez gara ezkorrak», adierazi du Aierbek. «Lor litekeen helburu bat da».
(Puede haber caducado)