Bira

Halal

Berria, itxaro borda, 25-02-2010

Lilleko Quick jatetxeak azken asteotan halal janaria proposatzen du. Bazterrak berotzen doaz, eskuin muturreko panpalina aho zabalak sua piztu ondoan: diskriminazioa da, Frantziaren islamizatzea, berdintasun sakrosainduaren zalantzan jartzea. Hitzen hipertrofiak kezkatzekoa baduela aitor dezagula. Badakigu eskualde hauteskundeak direla-eta hautsa begietara ausarki aurtikitzekoa dela. Irabaztearren UMP edozein sakrifiziotarako gertu dago.

Galdea zera liteke: egitura neoliberal batean, kraxturuak arras laxatzen zaizkionean, enpresa pribatu batek ez ote du egokia zaion produktua plazaratzen ahal? Kasu honetan halal janariak, bestean kaxer delakoak edo oraino Ezpeletako biper gorriz horniturikoak? Noraino doa estatuaren eskumena alor horretan? Ekiteko libertaterik ez al dute CAC 40ekoak ez diren nagusiek? Kapitalismo salbaiaren teoriaren eta praktikaren artean bada hemen kontra erran bat, justizia mailan epaituko den Lillesko Quick horren aferak argiki erakusten diguna.

Hondarrean ohartuko gara lekuko hizkuntzei eta kanpoko ohiturei dietela boteretsuek diskriminatzaileak izatea leporatzen, eliteen janzteko molde eta jaidura aberatsak, aldiz, hala ez direlarik.

Halal biz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)