Nortasuna nora ezean
Frantziar nortasuna sustatzeko hainbat neurri hartuko dituzte; 'herritar gaztearen agiria', besteak beste
Berria, , 09-02-2010Allande Sokarros.
Matignongo jauregian bildu ziren atzo ministroak ustez nazio nortasunari buruzko eztabaidaren lehen ondorioak ateratzeko, eta, horren harira, neurriak iragartzeko. Ofizialki, behintzat, helburu hori zuen bilerak. Frantziako politika adituek, baina, argi ikusi dute ekimen hori hasieratik hartutako bide traketsetatik nolabait irteteko lehen ministroaren ahalegin etsia izan dela; François Fillonena. Ezen, Eric Besson Immigrazio eta Nortasun Nazionalaren ministroak iazko urriaren 25ean abian jarritako ekimenak lau haizeetara plazaratu du frantses herritarren baitan arrazakeria eta etorkinekiko ezinikusi edo arbuio sentipen eta joerak oso errotuta daudela.
Horrelako «ekarpenak» egin ditu ikerketa polemikoak. Zer esan nahi du gaur egun frantses izateak? Frantzian zehar, prefekturen ekimenez, 340 eztabaida antolatu dira hilabeteotan galdera hori erantzuteko, eta horietan agerian gelditu da herritarrek begirune gutxi diotela immigranteei. Bessonen ministerioak herritarren eskura jarritako Internet atarian, baina, are nabarmenago azaldu dira jarrera xenofoboak; orotara 58.000 iradokizun jaso dira atarian, eta argitaratutako iritzi asko eta asko etorkinen bizkar jarritako «gaitzen» adierazgarri dira. Jakin beharra da, gainera, iradoki hauetatik %20 eta %30 artean zentsuratu egin direla, arrazakeria adierazpenak zigortzen dituzten legeen menpean ez egoteko.
Matignongo bileran, baina, ez ziren ministro guztiak izan; izan ere, eztabaida honen egokitasunaz kritikak edo zalantzak agertu dituzten gobernukideak ez ziren bilerara azaldu: Yaziz Sabeg Aniztasunaren goi komisarioa eta Martin Hirch Elkartasun Eraginkorretarako goi komisarioa, tartean. Hirch ez zen bileran egon atzerrian bidaia ofizial batean zegoelako aitzakian. Bileran egon zen, ordea, Nadine Morano Familia Estatu idazkaria, eta irratsaio batean adierazi du Frantzian geratu eta gizarteratu nahi dutenei argi azaldu beharko zaiela estatu honek ez dituela onartzen ez buruzapi islamikoa, eta ez emakumeei jasanarazitako sexu mutilazioak ere.
Askatasunak gerizatzearen eta laikotasuna bermatzearen inguruko adierazpen horien atzean, baina, atzerritar batzuenganako ezinikusia gelditu da agerian, politika jardule ezagunen ahoan bertan. Pascal Clement Justizia ministro ohiaren hitzak aipagarriak dira, ildo horretan, adibide bakanen bat aipatzearren: «Egun batez gure herrialdean katedral bezainbat minarete egoten bada, orduan ez da jada Frantzia izango». Marseillako alkate eta UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduak eskuineko alderdiko presidenteorde Jean-Claude Gaudinek, aldiz, Canebiere hirigune ospetsuan «musulmanak trumilka ibiltzea» gaitzetsi du.
‘Herritar gaztearen agiria’
PS Alderdi Sozialista utzi eta Nicolas Sarkozyren alde jarri zen Eric Bessonek, haatik, bereari eutsi dio, eta eztabaida polemikoa bultzatzeaz «harro eta pozik» azaldu da. Ekimenak hartutako itxura tamalgarriak ukatuz, Bessonek hainbat hedabidetan adierazi du eztabaida «baliozkoa» izan dela «frantziarrek errepublikano ituna eraberri dadin nahi dutelako». Bessonek berretsi du, halaber, frantsesa jakitea irizpide erabakigarria izan beharko duela herritartasuna lortzeko. Frantses nazionalismo estuenaren ildoari tinko eusten diola berriro ere nabarian utzita, ministroak azaldu du ere «frantses herritar guztiek, bereziki gazteenek, jakin eta ulertu behar dituzte Marseillesa-ren [Frantziako ereserkiaren] hitzak».
Fillonek nazio nortasunaren inguruko eztabaida desbideratu egin dela ukatu bazuen ere, bileraren amaieran iragarri zuen historialari, soziologo eta hautetsi batzuek osatutako batzorde bat eratuko dela aurki, gai horretaz gogoetak bideratzeko. Bessonek bultzatutako lana ez dela alferrikakoa izan sinetsaraztearren, hamar bat neurri iragarri ditu lehen ministroak. Horietatik bat da herritar gaztearen agiria deitutakoa, lehen hezkuntzako lehen mailatik lizeorainoko ikasleek eskuko izango dutena, datorren ikasturtetik hasita. «Frantses nortasunaz harro egotea» sendotzeko, aldiz, hiru koloreko bandera altxatuko da eskola guztietan, jai nazionalaren egunean, uztailaren 14an. Immigranteek, berriz, naziotasuna lortzeko eskubideen eta eginkizunen kontratu bat sinatu beharko dute eta frantsesa ikastera bideratuko zaie, nora ezean dagoen nortasuna are gehiago ez galtzeko.
(Puede haber caducado)