Paperik gabekoen gaineko erruduntasun presuntzioa
Berria, , 23-01-2010Berriro ere, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak paperik gabekoak eskuindar indarren diskurtsoen objektu gisa jartzen ari dira. Horrela, gizatasuna kentzen zaie, eskubiderik izango ez balute bezala, ahaztuz gizaki bakarrak direla, amets, beldur eta itxaropen propioekin, eta «gainontzeko» hiritarrentzat mehatxu gisa kokatzen dira. Raxoi: «(Atzerritarren) Legea aldatu beharra dago, hiritarrei arazo gehiago ez sorrarazteko». Nola aintzatetsi hiritar osotzat egoera horretan aurkitzen den pertsona? Argi dago PPko presidentearentzat aintzatespen hori ezin dela izan. Berriro ere, «gure» eta «euren» arteko banaketa nabarmentzen da: eskubideak dituztenen eta eskubiderik ez dutenen artekoa.
PSOEren gobernuak Atzerritarren Legearen enegarren erreforma onartu berri du, atzerakoiagoa, zeinaren bitartez, beste zenbait gauzen artean, egoera irregularrean daudenei 60 eguneko askatasun gabetze zigorrak ezarri ahalko zaizkien. Gogora dezagun deliturik ez dagoela medio, arau hauste administratiboa baizik.
Eskubide ezberdintasunaren instituzionalizazioak aurrera segitzen du. Diskriminazioa mantentzen da, horixe baietz. Diskriminazio hori baimendu eta onartzen duen gizartean eta sistema politikoan bizi gara, historian izan diren egoera lotsagarriez izutzen garen bitartean: arraza segregazioa, emakumeon eskubide ukapena, esklabotza, judutar eta musulmanen kanporaketa… Gauzak ez dira gehiegi aldatu. Eguneko gizartean astakeriak egiten dira, hementxe. Vic-en bizi diren pertsonak, hala nola Abanto-Zierbenan gertatu zen bezala (errolda ukatzen zitzaiela), nahiz eta paperik ez izan, herriko bizilagunak dira, eta erroldatu beharra daukate. Erroldatzeak osasuna, hezkuntza eta oinarrizko giza zerbitzuetarako sarbidea ematen du. Irregulartasunak berez zenbatu ezineko hainbat zailtasun dakartza, arlo ekonomikoan, sozialean eta lan arloan. Eta osasun eta hezkuntzarako eskubide unibertsalak ukatzen bazaizkie, euren buruen gain jausten den zapalketa eta bazterketa gaindiezinak izango dira.
Hori guztia jakinda, paperik gabekoak sistemarentzat, ongizate gizartearentzat, lan arloko garaipenentzat eta hiritar segurtasunarentzat mehatxu bat direla entzuten dugu oraindik.
Pertsona batek ez du aukeratzen paperik ez izatea. Harrera estatuek ezartzen dituzten harresi normatiboek kokatzen dituzte irregulartasun egoeran. Etorkinek ezaugarri komun bat dute,jaioterritik atera direla beste herrialde batean bizitza proiektu hobeago bat garatzeko, bakoitzak bere arrazoiengatik motibatua edo bultzatua. Behin hemen, etorri baino lehenago baimenik lortu ez badute (egun nekez lor daitekeena, are gehiago Afrikatik bazatoz), hemen hiru urte jarraian bizi izatea galdatuko diete, egoera erregularrean egon ahal izateko; eta horrez gain, urtebeteko lan eskaintza izatea, eta frogatu beharreko finkatze sozialaz gain. Bitarte horretan, irregulartasuna, beldurra, konfiantza eza, bazterkeria, esplotazioa, gehiegikeriak, abusuak.
Inork ez du egoera horretan egon nahi, has gaitezen oinarrizko premisa horretatik. Pertsona horiek bertakoentzat mehatxu izan daitezkeela adieraztea jasanezineko gordinkeria da, gorrotoa, gaitzespena eta arrazakeria elikatzen duena. Integrazioak «bestearen» errekonozimendua galdatzen du, berdintasunean. Berdintasunik gabe ez da inorentzat ongizaterik egongo. Sendotasunez adieraz dezagun politika neoliberalak eta horiek aplikatzen dituzten gobernuak direla ezberdintasunaren errudunak. Ezberdintasun egoera hutsak, gizarte aurreratu eta justu baten bizi garelako ideia zapuzten du. Ezin ahaztu gizaki guztioi berezko duintasuna, eskubide berdintasuna eta besterenduezina aurrezagutzen zaigula. Paperik gabeko pertsonak ez dira salbuespena.
(Puede haber caducado)