Xenofobia elikatzea leporatu diote Bilboko Udalari
SOS Arrazakeriak dio etorkinen aurkako jazarpena handitu egin dela eta horrek atxilotu gehiago eragin dituela
Berria, , 22-01-2010Erredakzioa.
Bilbo
«Iaz Bilbon etorkin gehiago atxilotu izanak erakusten du euren aurkako jazarpena eta polizia presioa handitu egin direla». Hala uste du SOS Arrazakeria taldeak, Bilboko Udalak hiri segurtasunari buruz kaleratu dituen datuen inguruko balorazioa egiterakoan.
Udalak jakinarazi du iaz 1.669 lagun atxilotu zituztela, eta horietatik %64 etorkinak izan zirela. Gainera, 2008an baino %32 identifikazio gehiago egin zituztela. Datu horiek horrela eta huts-hutsean ematea salatu du SOS Arrazakeriak, eta aurreiritzi xenofoboak elikatzea egotzi dio. «Datu horiek atxiloketa eta identifikazio kopuruak erakusten dituzte, eta ez zigor kopurua, eta, horrenbestez, ezin da ondorioztatu etorkinek delitu gehiago egiten dituztenik». Izan ere, nabarmendu duenez, etorkinen aurkako jazarpena handitu egin da, eta gaur egun etorkin izateak susmagarri bihurtzen ditu hainbat atzerritar; hau da, «zantzu errealetan» oinarritu ordez, irizpide arrazisten arabera identifikatu edota atxilotzen dituzte sarri etorkinak. Kadero gazte aljeriarraren kasua ekarri du gogora.
Ertzainengandik ihesi, bere burua Bilboko itsasadarrera bota zuen gazteak, eta ito egin zen. Casilda Iturrizar parkean zebilen lagun batekin, eta Ertzaintzak gelditzeko eta identifikatzeko esan zien, ordu batzuk lehenago handik hurbil izandako lapurreta baten egileak zirelakoan. Gazteak korrika atera ziren; batek itsasadarrera bota zuen bere burua, eta desagertu egin zen. Handik gutxira hilotz agertu zen, eta Ertzaintzak esan zuen hildakoak ez zuela egotzitako lapurretarekin zerikusirik izan. SOS Arrazakeriaren irudiko, kasu horrek erakusten du pertsona immigranteak aldez aurretik susmagarri bihurtzen dituztela, eta, beraz, Udalak atzo segurtasunaren inguruan kaleratutako datuetatik ezin dela ondoriorik atera. Erakundeek immigrazioa eta delinkuentzia lotzeko duten «joera maltzurra» salatu du.
Gaineratu duenez, etorkin ugari bizi diren auzoetan Poliziaren presentzia handitu egin da, eta auzo horietan etorkinak «erraztasun handiz» atzematen dituzte. «Besteak baino gehiagotan identifikatzen dituzte etorkinak, sarriagotan atxilotzen dituzte, eta denbora gehiagoz izaten dituzte preso».
Jarrera «arduragabea»
Bilboko Udalaren jarrera «arduragabea» salatu du, datuak modu horretan kaleratzeagatik. 2004an Arartekoak Udalari egin zion gomendioa gogora ekarri du SOS Arrazakeriak: komunikabideei atxilotuen jatorria ez erraztea, xenofobia ez elikatzeko. Udaltzaingoak, ordea, gomendio hori «modu sistematikoan» urratzen duela dio, eta arduradun politikoei immigrazioa eta delinkuentzia ez uztartzeko eskatu die. «Zergatik ez dituzte beste datu batzuk nabarmentzen, hala nola atxilotuen %90 gizonezkoak direla?», galdetu du. Jatorria nabarmentzeko joera horrekin «tematuz» gero, ze delitu leporatzen dizkieten ere azaltzeko eskatu die. Izan ere, euren arabera, ordena publikoaren aurkako falta edota delitua egozten dizkiete maiz, identifikazioaren zergatia galdetze hutsagatik.
Bilboko biztanleriaren zati bat kriminalizatzea «arduragabekeria politikoa» dela iritzi dio Sos Arrazakeriak: «Delinkuentziari aurre egin ordez, mesfidantza handitu baino ez du egingo, eta gizartearen kohesioa kaltetu».
(Puede haber caducado)