Sierra Leonako etorkin bat Miarritzeko aireportuan biluztu eta lurrera bota zen atzo, kanporatzea ekiditeko. Une horretan aireportuak iaz izandako emaitzak ospatzen ari ziren politikariak, baina ez zioten egin kasurik.

Itzal beltz bat ospakizun zurian

Berria, , 22-01-2010

Aitor Renteria.
Miarritze

Ustekabeak aitzinetik finkaturiko protokolo zorrotza urratu zuen atzo Miarritzeko aireportuan. Bere borondatearen kontra, protagonista nagusia Sierra Leonako etorkin bat izan zen, Davy Queen izeneko emazte gaztea. Frantziako Poliziak aireportura sartu zuen, kanporatzeko asmoz. Usaian estatistiketako zenbakien hoztasunean gordetzen den gertakaria garrasi lazgarria bihurtu zen, egutegiak horrela finkaturik, kazetari ugari zeudelako une horretan aireportuan. Miarritzeko aireportuko arduradunek joan den urteko emaitzen bilduma egin berri zuten, eta ospakizunen tenorea zen.

Agintari ugari zeuden aireportuko ospakizunean, bertzeak bertze, Jendarmeriako eta aireportuko arduradunak, Jean Castaings Kontseilu Nagusiko presidentea, Akitaniako kontseiluko ordezkari sozialista, Didier Borotra Miarritzeko auzapeza eta Frantziako senataria, Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialista, Aitor Arandia Baionako hautetsia edo Jean-Marie Berckmans Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea. «Ospakizuna bukatzeko nahi duenak xanpaina edo horko pintxo goxo bat har dezake», erran zuen Borotrak.

Garrasi lazgarri batek urratu zuen protokoloa, ordea. Garrasia 30 urte inguruko neska baten eztarritik zetorren. Frantziako Aire eta Mugetako bi poliziaren artean zegoen zutik, txartelak balioztatzen diren leihatiletatik gertu. Gorriz jantzitako emazte bat ere bazegoen, Poliziak laguntzeko. Hiruren artean ez zuten lortzen emaztea isilaraztea. «Nora bidali nahi nauzue, nora?», oihukatzen zuen. Polizien eskuetatik askatuz, soinean zeraman arropa kendu zuen, eta biluzik lurrera bota zen. Poliziak behin eta berriz saiatu ziren emaztea altxarazten eta hegazkinera eramaten. Alferrik.

Poliziaren saio bakoitzeko, etorkinaren izua mingarriagoa bihurtzen zen, hegazkinerako eskailerak Sierra Leonako sorterrian bizitako saminak balira bezala. Itzulika eta oihuka, burua lurraren kontra kolpatuz. Bost edo hamar minutu iraun zuen. Anartean, Espilondo haren ondotik pasatu zen, aireportutik ateratzeko. Kasu batzuetan etorkinen kanporaketak salatu baditu ere, atzokoan ez zen gelditu argibiderik eskatzera. Ez Espilondo, ez bertze nehor.

Ororen buru poliziek lortu zuten emaztea hartzea eta, beroki batez estalirik, aireportuko gela batera eraman zuten. Lehen estaiako ospakizunetik ez zen nehor mugitu.

«Queen Baionako erietxeko larrialdi zerbitzuetan artatu behar izan dute , lurraren kontra hartu dituen talken ondorioz, kordea galdu duelako», jakinarazi zuen Laurence Hardouin abokatuak. Frantzian bizitzeko agiririk ez duten etorkinei laguntza ematen dien Cimade elkarteko kidea da Hardouin.

Artatu ondoren, arratsaldean atera zen Queen larrialdi zerbitzuetatik. Atxiloturik segitzen zuen, kanporatze agindua jaso ondoren hegazkinean sartzeari uko egiteagatik. «Kanporatze aginduari uko egiteagatik, asteartean epaituko dutela uste dugu», zehaztu zuen Hardouinek. Prozedura irekia da, eta, ondorioz, bertze xehetasunik ezin zuela eman jakinarazi zuen. Aireportura sartu aitzin, baimenik ez izatea zen Queenen hogena. Geroztik delitu bat gehiago dauka, kanporatze aginduari uko egitea.

Queenen kasua ez da bakarra Ipar Euskal Herrian. Hendaiako Atxikitze Zentroa berritu aitzin 500 bat etorkin kanporatzen zituzten urtero. Berriztu dutenetik helburu hori bikoiztea espero dute. Zenbaki hotzek, hala ere, ezin dute ezabatu Sierra Leona bezalako herri gatazkatsu batek pairatzen duen bizipena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)