Larrepetit
Etorkinen erroldatzeaz
Berria, , 19-01-2010Hautsak harrotu ditu Vic-eko udal gobernuak hartu nahi duen erabakiak egoitza baimena ez duten etorkinei erroldatzen ez uzteko. Erabakiak indarra hartuko balu, ondorio latzak ekarriko lizkieke pertsona horiei, errolda agiria ezinbestekoa baita osasun txartela eskuratzeko edota haurrak eskolaratzeko. Oinarrizko eskubideak ukatuko zaizkie, beraz, egoera irregularrean daudenei: osasun eta hezkuntza eskubideak, hain zuzen. Viceko kasua nabarmena da espresuki adierazi dutelako hainbat hautetsik ez dituztela paperik gabeko etorkinak nahi.
Hala ere, praktikan hainbat udal trabak besterik ez zaizkie jartzen ari etorkinei erroldatzeko. Eta ez dugu oso urrutira joan behar horretarako. Inon ez daude idatziak arau hauek, baina maiz etorri berriei aurkeztu ezin dituzten paperak eskatzen zaizkie. Zaila da, ordea, inon idatzita ez dagoena salatzea. Erraza da Viceko Udala kritikatzea oso agerikoa delako hartu nahi duten erabakia. Nolanahi ere, ez dezagun ahaztu duela gutxi Estatu Espainiarren Atzerritartasun Legea berriki aldatu dela eta, orain arte aldatu duten guztietan bezala, etorkinen eskubideak murritzagoak direla testu berriarekin.
Udalak arduratzen dira erroldaz, eta erroldak ez du zerikusirik erroldatzen direnen egoera administratiboarekin, hori ezin dugu alde batera utzi. Nolanahi ere, Estatuko administrazioa da egoitza- eta lan-baimenak emateko eskumena duena. Eta ez Estatu espainiarra ez frantsesa ere ez dira batere eskuzabalak horretan, doilorrak direla ez esateagatik.
(Puede haber caducado)