Arabako Aldundiak etorkin adingabeen eskubideak urratzen dituela salatu dute
Harrera etxeetan «neurrigabeko zigorrak eta tratu iraingarriak» pairatu dituztela esan dute adingabeek
Berria, , 15-01-2010Julen Nafarrate.
Etorkin adingabeen harrera etxeetako kudeaketak zalaparta sortzen jarraitzen du Araban. Harrera etxeetan seniderik gabeko etorkin adingabeen eskubideak urratzen direla ohartarazi dute hainbat gizarte eragilek: «Adingabeek adierazi dutenez, legeak onartzen dizkien oinarrizko eskubideak behin eta berriro urratu dizkiete, eta horregatik ez dute egoitzetara itzuli nahi». Arabako SOS Arrazakeriak, Elkartzen-ek, KIRAk, Salhaketak eta EILAS, ESK eta LAB sindikatuek, besteak beste, egin dute bat salaketarekin.
Urtarrilaren 5ean 26 adingabek ihes egin zuten Foru Aldundiaren bi harrera etxetatik. Ia lau egun ihesean igaro ostean, egoitzetara itzuli ziren. Aldundiaren arabera, «arau-hauste bat egin eta gero, garbiketa lanak egiteko zigorra ezarri zieten, eta horrekin bat ez etortzeagatik ihes egin zuten».
Aldundiak emandako bertsioa ukatu, eta harrera etxeetatik ihes egiteko bestelako arrazoiak izan dituztela argitu dute gazteek: duintasunaren eta segurtasunaren aurkako tratu txar iraingarriak, neurrigabeko zigorrak, askatasun kultural eta erlijiosoaren aurkako neurriak, elikadura egokia izateko eskubidea haustea eta presio psikologikoak, besteen artean.
Eragileen arabera, adingabeek kale gorrian lau egun igaro arren, «erakunde publiko bakar batek ere ez zuen egin egoera bideratzeko ahaleginik». Gazteek gizarte taldeetara jo behar izan zuten, eta gero, egoitzetara beren borondatez itzultzea erabaki zuten.
«Babesik gabe»
Gizarte eragileek gertatutakoa argitzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu diote Arabako Gizarte Ongizaterako Departamentuari. «Ez ditzatela ezkutatu gerta daitezkeen legez kanpoko gertaerak. Aldundiak bere zeregina bete behar du, adingabe horiei legez dagozkien eskubide guztien alde eginez». Era berean, egoitzak kudeatzen dituzten enpresen gaitasuna «balioztatzea eta ikuskatzea» eskatu dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Adingabeen Legeak eta Espainiako Atzerritarren Legeak agintzen duena ez betetzea ere leporatu diote eragileek Aldundiari. Horien arabera, Aldundiak zaintza agiria eman behar die adingabeei bere zaintzapean dauden unetik bederatzi hilabetera.
Agiri hori ezinbestekoa da egoitza baimena lortzeko. Harrera etxeetan 16 hilabete egon arren, Aldundiak agiria ukatu eta etorkinak «babesik gabe» uzten dituela salatu dute. Adingabeek, «babes agiria lortuko zutelakoan», harrera etxeetan jasotako ustezko zigorrak onartu zituzten, legeak horretarako eskubidea dutela aitortzen dien arren.
Horri aurre egiteko, «baliabideak mugatu beharrean, harrera-etxe sarea eta emantzipazio etxeak bultzatzea» eskatu dute gizarte eragileek. Hala, adingabeei dagozkien eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
(Puede haber caducado)