Yamiled Giraldoren hilketan parte hartzea egotzita, lau lagun auzipetu dituzte
Egun gutxi barru jakingo da biktimak lantoki izan zuen prostituzio etxeko jabea hilketagatik auzipetuko duten
Berria, , 14-01-2010Joan den irailaren 5ean Iruñeko Instrukzioko 3. Epaitegiko epaileak bost lagun auzipetu zituen, 2009ko apirilaren 25ean Yamiled Giraldo hil izana egotzita. Auzipetutako bost lagunetatik hiruk helegitea aurkeztu zuten Nafarroako Auzitegi Nagusian. Baina, auzitegi horrek jakinarazi duenez, helegitea aurkeztutako hiru lagunetik bi Giraldoren hilketan «zerikusi zuzena» izateagatik epaituko dituzte. Beraz, falta den helegiteaz erabakitzen den bitartean, denera egun lau lagun daude auzipetuta Giraldoren hilketarekin lotuta.
Nafarroako Auzitegi Nagusiko 3. Atalak jakinarazi duenez, R.S.S. eta N.A.M.ren helegiteak atzera bota dituzte, Giraldoren hilketaren «egile materialak» direla egotzita. Kasuko instrukzio epailearen arabera, auzipetu biek 8.000 euro jaso zituzten Giraldo hiltzearen truke. Zubietan (Nafarroa) bizi zen emakumeari ustez bizia kentzeaz gain haren semea hiltzen saiatu zirela ere gaineratu du. Hala, hilketaren bi egile materialek erailketa, Justiziari izkin egiten saiatzea eta giza hilketa saioa leporatzen dizkiete eta delitu horiei egin beharko diete aurre.
Bestalde, instrukzio epaileak adierazitakoaren arabera, bi auzipetuei egozten zaizkien delituei hainbat zigor larrigarri gehitu dizkie, Foruzaingoak egindako ikerketen arabera Giraldo hiltzeko ustez dirua jaso zutelako, eta hilketaren egunean mozorrotuta egon zirelako, «identifikazioa zailtzeko asmoz».
Era berean, hilketaren kokaleku gisa Cordovilla hautatu izana zigorra larritzeko arrazoi gisara aintzat hartu du epaileak, «herri horrek dituen ezaugarriez baliatu zirelako».
Ebaztea falta den helegitea Jose Lareo Lopez Sunbillako (Nafarroa) prostituzio etxeko jabearena da. BERRIAk jakin duenez, egun gutxi barru jakingo da helegite horren inguruko erabakia. Hala ere, badirudi instrukzio epaileak ez duela kontuan hartuko eta, beraz, gainontzeko lau auzipetuekin batera epaituko dutela Jose Lareo Lopez. Hala ere, hainbat iturriren arabera, bost lagunen aurkako epaiketa udara baino lehen egitea espero da.
Mendekuaren itzala
Yamiled Giraldo hil zutenean egindako lehen ikerketek argitu dutenez, hura erailtzeko arrazoi nagusia «mendekua» izan daiteke, «Giraldo sexu esplotaziorako emakumeen salerosketaren biktima izan zelako». Mendeku hori 2004an Nafarroako Auzitegi Nagusiak kaleratutako epai baten ondorioa izan daiteke.
Izan ere, Giraldo Kolonbiatik ekarri zuten 2001ean hangoa zen jaiotzez; itxura guztien arabera, engainatuta. Sunbillako (Nafarroa) gau klub batean prostituzioan jardutera derrigortu zutela eta, salaketa jarri zuen beste bi emakumerekin batera, klubeko jabe Jose Lareo Lopezen aurka. 2004an hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Nafarroako Auzitegi Nagusiak Lareori «Giraldo eta beste bi lankideak prostituzioan lan egitera behartzeagatik». Ordutik hilketaren ustezko bultzatzailea Iruñeko espetxean dago.
BERRIAk jakin duenez, asteburu batzuetan baimenak izaten zituen Lareok, eta litekeena da Giraldoren hilketa baimena zuen egunetan prestatu izana. Ikertzen ari dira.
Genero indarkeriako kasuak
Foruzaingoak azken egunetan hiru gizonezko atxilotu ditu genero indarkeriako delituak leporatuta. Horietako bat urtarrilaren 7an Foruzaingoak Sakanan atxilotutako gizonezko bat da. Altsasuko foruzainek telefono dei bat jaso zuten, eta etxebizitza batean «eztabaida» bat zutela azaldu zieten. Hara iritsitakoan, atea aurpegian atzamarkadak zituen emakume batek ireki zien. Haren bikotekidea genero indarkeriagatik epaituko dute. Larunbatean, Tuterako (Nafarroa) gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekide ohiari tratu txar psikologikoak ematea egotzita. Eta beste atxiloketa asteartean izan zen, Atarrabian (Nafarroa); familia arteko tratu txarrak egotzi zizkioten atxilotuari.
(Puede haber caducado)