Hauteskundeak irabazteko, laboristen batasuna eskatu du Brownek

Erresuma Batuko datozen bozetarako estrategia azaldu die Gordon Brownek diputatu laboristei

Berria, , 12-01-2010

Erredakzioa.

Orain dela gutxi bere lidergoa zalantzan jarri badute ere, eta udaberrian egiteko dituzten hauteskundeei begira inkestak alde ez izanda ere, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa baikor agertu da. Atzo Alderdi Laboristako talde parlamentarioarekin zen biltzekoa, alderdikideen arteko batasuna eskatzeko eta haiei hauteskunde programaren berri emateko. Lerro hauek idazteko unean, baina, bileran hitz egindakoaz ez zuten albisterik argitaratu.

Bilerara hauteskunde kanpainako arduradunekin agertu zen lehen ministroa. Harekin ziren Harriet Harman Alderdi Laboristako presidenteordea, eta Peter Mandelson eta Douglas Alexander ministroak. Londresko gobernuko iturriek aditzera emandakoaren arabera, haiei guztiei hauteskundeetarako egingo dituen promesak azaldu behar zizkien.

Erresuma Batuko 270.000 familiak ordenagailu eramangarriak doan eskuratzeko bideak jarri nahi ditu martxan Brownek; horretaz gain, doako Interneterako sarbidea ere bermatu nahi die. Helburu horiek lortzeko, 3.000 milioi liberako aurrekontua agindu du lehen ministroak (330 milioi euro, gutxi gorabehera).

Halaber, hezkuntza zerbitzuak esportatzeko xedea ere ezarri du: «Lehen hezkuntzatik graduondokoetarainoko hezkuntzaren eskaria handituz joango da ekonomiak hobera egin ahala», azaldu du Brownek. «Erresuma Batua munduko superpotentzia bihur daiteke hezkuntzaren alorrean».

Immigrazioaren kontrola

Laboristen aldeko sostenguak nabarmen behera egin du azken hilabeteetan. Hauteskundeak gaur egingo balira, kontserbadoreek irabaziko lituzkete, inkesten arabera. Horregatik, David Cameron tory-en burua ere, bozak irabaziz gero martxan jarriko dituen neurriak aurreratzen ari da.

Agintea eskuratuko balu immigrazioa kontrolatzeko aginduko lukeela adierazi du. Horren ustez, ekonomia beharren arabera hartu beharreko etorkin kuotak ezarri beharko lirateke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)