'Abuela Maria Luisa'

Berria, Larrepetit Fredi Paia, 08-01-2010

Ez da kasualitatea euskal abertzaletasun klasikoa euskarak atzerakada izugarria bizi zuen sasoi eta espazio baten sortu izana. Ibarrakaldu bezalako herritxoetan euskara pastilla eferbeszenteen moduan disolbatu zen Espainiatik zetozen milaka kolonoen artean. Kolono diot, eta ez etorkin, senegaldar batek sekula ez baitzaitu zure hizkuntza egiteagatik umiliatuko lur hau Senegaleko parte den aitzakiapean. Eta sekula ez zaio burutik pasatuko hizkuntza berririk ikasi beharko ez duenik. Ez dut esan gura kolono guztiak ankerrak zirenik, westernetan ikusten den legez, pertsona bakoitzak bihotz bat dauka.

Txirritak arrazoi zuen, «erdara ez zen bakarrik kapaz, euskarak lagundu dio». Baina hori nortasun nazionala ematen duen ezaugarri bat klase baxuenaren ezaugarri sozial legez ulertzeak ahalbidetu zuen. Kontzientzia nazionalik ezaren ajeak, herriari gizarte deitzearen ondorioak. Katalunian konplexu gutxiago izan zuen klase kapitalistak, eta horrek ezker mugimendu katalanaren idearioa eraikitzeko lana bikoiztu zuen, egungo egoera lekuko, espainiar proiektua praktika kultural katalanera derrigortzeaz gainera.

Euskal hiztunen komutatea biluzik dago miseriatik ihes egin izan eta egiten duten kanpotar uriolen aurrean. Tresna gutxi daukagu, orain arte konplexudunen eta orain sentsibilitaterik gabekoen eskuetan.

Konfrontazio kulturala politikaren bidez garatzeak, maketismoak, ez du fruiturik eman. Eta politiketan aurrera egitea ezinbestekoa den arren, praktika kultural enpatikora derrigortuta gaude. Bide horretan, hito historikoa izan zen 1997ko bertsolari txapelketako finaleko Jon Maiaren azken agurra. Eta lehengoan liluraturik utzi ninduen anaiak autoan jarri zidan Takolo, Pirritx eta Porrotxen Abuela Maria Luisa kantak. Integrazio kulturalaren gaineko doktore tesia da niretzat. Kanpokoaren kulturarekiko begirune eta jakintzan oinarritutako iraganaren eta etorkizunaren arteko integrazio zubia. Jaurlaritzak sari bat eman beharko lioke, olibondo formaduna.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)