Kanporatzeko arriskuan dago Senegalgo gizon bat, karrikan CDak saltzeagatik

Jabego intelektualaren aurkako delitua egotzi diote iragan astean Berriozarren atxilotu zuten saltzaileari

Berria, , 06-01-2010

Edurne Elizondo.
Iruñea

Senegalen jaio, baina Berriozarren bizi da A.N., Nafarroan. 56 urte ditu. CDak eta DVDak saltzen ditu karrikan, bizitzeko. Horregatik atxilotu zuen Guardia Zibilak abenduaren 30ean, eta, orain, ondorioz, kanporatze agindua jasotzeko arriskua du, paperik ez baitu. Jabego intelektualaren kontrako delitua egotzi diote.

Nafarroako SOS Arrazakeriak argi utzi du A.N.-ren kasua ez dela bakarra. Gisako atxiloketa gehiago izan dira herrialdean, eta, paperik gabe, kanporatze agindua jasotzeko arriskua dute denek. Egoera bera da Euskal Herriko bertze hirietan. Egoera horri aurre egiteko, hain zuzen ere, kanpaina du abian Mbolo Moye Doole plataformak, atxiloketen ondorio larrien berri emateko, eta arazoa gizarteratzeko. Ikusgai bilakatzeko.

Kanpaina horren barnean, elkartasun sarea sortu da, karrikan CDak eta antzekoak saltzen ari direnek, atxilotzen badituzte, laguntza eskatzeko aukera izan dezaten. Atxiloketa bat gertatzen denean, Berriozarren bezala, kasu zehatz horren berri emateko mobilizazioak hasten dituzte, gainera, herritarrek jakin dezaten zer gertatzen ari den; eta jasoz gero, isunak ordaintzeko diru biltzeak egiten dituzte.

Plataforma horretan ari da lanean Oumar Kane, Senegalgoa bera ere. Egoera hagitz larria dela uste du: «Saltzaile bat atxilotzen badute, eta kanporatze agindua jasotzen badu, jada ezin ditu paperak lortu, baina hemen jarraitzen duen bitartean, aurrera egiteko diskoak saltzen jarraitu beharko du, bertze aukerarik ez du».

Kanek ezagutzen ditu egoera horretan diren etorkinak. «Ezagutzen dut, halaber, paperak jasotzeko denbora gutxi falta zitzaionean atxilotu, eta paperik gabe gelditu zen lagun bat. Ametsa apurtu egin zioten, bat-batean. Zigorra neurriz kanpokoa da».

Delitua edo falta

Mbolo Moye Doole plataforman aholkularitza lana egiten dute Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideek. Elkarte horretakoa da June Fernandez, eta gogor kritikatu du saltzaileen kontrako jazarpena. «Oso kezkatuta gaude, gero eta gehiago kriminalizatzen baitituzte etorkinak. Atzerritarren Legeak arazoak areagotu besterik ez ditu egiten».

Neurriz kanpokotzat jo du, erabat, Fernandezek, CDak saltzeagatik delitua leporatzea. «Ez da beti gertatzen. Jabego intelektualaren esparrura jotzen badute, jabego horren kontrako delitua leporatzen diote saltzaileari, baina bada aukera legez kanpoko salmentatzat jotzeko jarduera hori, eta, kasu horretan, falta besterik ez da». Bizkaiko Auzitegiak, Fernandezek azaldu duenez, erabaki du halako kasuak faltatzat jotzea beti, eta, ez, ordea, delitutzat. «Zerbait bada, baina horrek ere ez du arazoa konpontzen».

Fernandezek salatu du etorkinak, oraindik ere, «bigarren mailako herritarrak direla» gizartean. «Paperik ez badute, hirugarrenekoak, eta kanporatze agindua badute, gainera, ikusezinak».

Kanporatze agindu horrek dituen ondorio larriak salatu ditu SOS Arrazakeriako kideak, halaber. «Halako agindua dutenei eten egiten zaie paperak lortzeko prozesua». Kartzelara joateko arriskua ere badela gaineratu du Fernandezek. «Bizkaian bada halako agindua okerreko helbidean jaso, eta erantzun ez zuelako, espetxeratu zuten etorkin bat. Lau hilabete eman du kartzelan CDak saltzeagatik. Ez du zentzurik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)