Mendeurren ugariko urtea da 2010a, eta horien karietara ekitaldi ugari antolatuko dituzte sortzaileen ibilbideari eta obrari merezitako begiratua egiteko
Aurten hizpide izango dira
Berria, , 02-01-2010Irune Berro-Imanol Magro.
Kultur egutegietan gorriz markaturiko urtea zen 2010a. Efemeride borobil andana daude, jaiotzak, heriotzak… arlo desberdinetako sortzaileen mitifikaziorako, eta bide batez, haien ibilbideari, obrari eta komeriei begiratu bat egiteko aukera. Hona hemen, aurten hizpide izango diren izen batzuk.
Django Reinhardt
Ehun urte dira Europan ere jazza egin zitekeela erakutsi zuen gitarra jotzailea Parisko kanpoaldeko ijito kanpaleku batean jaio zela (1910-1953). Hamabi urterekin hasi zen banjoa jotzen, eta hemezortzi urte zituenean sute baten erruz ezker eskuko bi hatzetako mugikortasuna galdu bazuen ere, gitarra jotzeko bere abileziak mundu zabalean ospetsu bilakatu zuen. Manouche jazza sortu zuen, jazz amerikarra doinu ijito tradizionalekin uztartzen zituen estilo alai eta zolia. Frantziako klub onenetan jo ondoren, bira ugari egin zituen AEBetan, Duke Ellingtonen orkestrako bakarlaria izateraino. Halere, haren jaiotzaren mendeurreneko ekitaldi esanguratsuenak Frantzian antolatuko dituzte, eta David Reinhardt semeak berebiziko pisua izango du garrantzitsuenetan. Semeak, Django 100ekin batera, hiru kontzertu emango ditu: aurrenekoa Lyonen, urtarrilaren 29an, eta beste biak martxoaren 13an eta 14ean, Antibesen eta Parisen hurrenez hurren.
(Puede haber caducado)